Katxalin elkarteari aitortza egingo diote bihar
Hainbat herritarrek festa bat antolatu dute, egiten duen lana ikusarazteko eta eskertzeko. Musikarik ez da faltako. Uztakale programaren barruan kokatzen da festa.

Legazpin ere badago bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoa duten edo izan duten emakumeen alde lan egiten duen taldea, eta Katxalin elkartearen babesean biltzen da. Saturnino Tellerian udalak dituen lokaletako batean du egoitza.
Iker Azpeitia txistularia buru duen herritar talde batek aitortza egin nahi izan dio egiten duen lanagatik, eta udalaren laguntzarekin, Katxalin eguna antolatu du. Bihar ospatuko da, festa giroan, baina bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoa ikus araziz, eta gaixotasun horien inguruan sentsibilizatuz. Legazpiar guztiak gonbidatu dituzte Uztakale programaren barruan kokatzen den festa honetara.
Arratsalde osoko festa
Katxalin eguna 17:30ean hasiko da, Kale Nagusia eta Nafarroa kalea elkartzen diren plazan haurrekin egingo dituzten eskulan saioekin. Oihalezko poltsak margotuko dituzte.
Herriko hainbat musikariren eta Doinua musika eskolakoen txanda etorriko da gero. 19:00etan bi kalejira abiatuko dira, bat Santikutz egoitzatik, eta bestea Bikuña-enea plazatik, festa gunean elkartzeko denak. Bertsolariak, dantzariak, dultzaineroak, erraldoi eta buruhandiak, txistulariak, trikitilariak eta musikariak arituko dira giroa jartzen ondoren.
Bitartean, Sorgintxulo aisialdi taldeak txistorra pintxoak prestatu eta salduko ditu, eta aterako duten dirua Biogipuzkoa erakundeari emango diote, ikerketarako.
Katxalinek ere arrosa kolorez jantziko duen postua izango du, egiten duten lana ezagutzera emateko eta materiala saltzeko. Biserak, motxilak eta abanikoak salduko dituzte. Dani eta Julene Uribe-etxebarria ahizpek margotutako nezeserrak ere izango dituzte salgai. Salmenten dirua ere Biogipuzkoara bidaliko dute.
Legazpin, 2020tik
Katxalin 1999an sortu zen Gipuzkoan, baina 1987an jaio zen Gipuzkoako Emakume Mastektomizatuen elkartean du jatorria. Legazpin 2020an eratu zen taldea, Ana Martinen ekimenez.
Martinek bularreko minbizia izan zuen, eta inguruko herrietako Katxalin elkarteetara jo zuen babes bila. Ordiziakoa, Bergarakoa eta Zumarragakoa ezagutu eta gero, Legazpin ere elkartea sortzea pentsatu zuen, eta herritar batzuk batu zitzaizkion zeregin horretan.
Lehenengo urte hartan, pandemia bete-betean, Gizarte Zentroan banatzeko maskarak egin zituzten, eta elkarteko Gabonetako loteria saldu ere bai. Udalarekin ere jarri ziren harremanetan, eta lokal bat utzi zien horrek Saturnino Tellerian. Han dute egoitza orain, eta han elkartzen dira astearte arratsaldeetan, 17:00etatik aurrera. Talde irekia dela azpimarratu du Martinek, ez da bakarrik bularreko minbizia edo minbizi ginekologikoa dutenentzat. Astearteetako saio horietan ez dela minbiziari buruz soilik hitz egiten zehaztu du: «Kafea hartzen dugu, gure kontuez hitz egiten dugu, deskonektatu egiten dugu, azken batean».
Bihotz formako kuxinak
Baina Legazpiko Katxalin gehiago ere bada, eta gimnasia saio bereziak antolatzen dituzte eta eskulanak egiten dituzte, besteak beste. Eskulanen artean, bularreko minbizia dutenei egiten dieten ebakuntzaz osatzeko lagungarri izaten den bihotz formako kuxinak daude. Hain zuzen, duela gutxi eraman zituzten Donostiako ospitalera, Ama-haurrentzako eraikineko kontsultetara, kuxin horietako batzuk, Legazpin egindako 30 zehazki.
Gainera, kalera aterata, sentsibilizazio eta diru bilketa kanpainak egiten dituzte, urriaren 19koa bezala. Iaz Kulturen Arteko Egunean ere parte hartu zuten, eta aurten ere bertan izango dira.