Mari Carmen Alonso eta Oihane Aztiria izan dira Ilintiren 1.000 euroen irabazleak
Legazpiko merkatari elkarteak 500 euroko bi sari zozkatu zituen atzo bezeroen artean. Festa giroan egin zuten zozketa, Akerren Seinale taldearen kontzertuaren ondoren. Erretiratu diren kideak agurtzeko tarte bat ere hartu zuen Ilintik.

Festa giroan amaitu zuen iluntzean Ilintik atzoko Erosi & Irabazi eguna. Egunean zehar Legazpiko merkatari elkarteko establezimenduetan erosketak egindako bezeroen artean 500 euroko bi sari zozkatu zituen eguna ixteko, erretiratutako elkarteko kideei aitortza egin eta gero. Akerren Seinale musika taldearen kontzertuak osatu zuen Kale Nagusiaren beheko plazatxoan ospatutako iluntzeko festa.
Expert-Vela, Mari Carmen fruta denda, Creativos GH eta Coro Paternain ile apaindegia izan ziren aitortza jasotako establezimenduak. Coro Paternain eta GHko Bittor Larraza ekitaldian bertan izan ziren, eta Ilintiko zuzendaritzako kideen eskutatik opari bana jaso zuten. Fruta dendako Mari Carmen Rodriguez eta Expert Velako Inma ez ziren bertaratu, baina horiei ere helarazi dizkiote opariak. Esker hitzez beteriko hitzaldi hunkigarri bat ere eskaini zieten laurei.
Aitortza honen ondoren, 500 euroko sarien zozketa egin zuen Ilintik, eta Mari Carmen Alonso eta Oihane Aztiria izan ziren sarituak, hurrenez hurren Odriozola arrandegian eta Obena harategian egindako erosketengatik lortutako txartelei esker.
Festa amaieran, Ilintiko kideek taldeko argazkia atera zuten, eta baliatu zuten jardunaldian parte hartu zuten guztiei eskerrak emateko, eta “batez ere bertako merkataritzan erosita Legazpi bizirik mantentzen laguntzen duten guztiei”.
Hona hemen Ilintiko kideek erretiratutako bazkideei egindako hitzaldia:
“Gaurko eguna berezia da, eta ez bakarrik salmentengatik eta ondoren egingo dugun zozketagatik. Gaurko egunez, hemen ere bildu gara, dendak baino askoz gehiago izan diren lau saltokiri bihotzez eskerrak emateko: Fruteriaa Mari Carmen. Expert-Vela, Creativos GH eta Coro Paternain. Gaur ezin izan dira denak hemen egon, baina espero dugu detaile txiki hau ere iritsiko zaiela.
Coro, Espe, Bittor, Inma, Jesus, Mari Carmen, zuen lana Legazpiren arimaren parte izan da. Mimoz jarritako fruta bakoitzaren atzean, profesionaltasunez instalatutako etxetresna elektriko bakoitzaren atzean, estiloarekin egindako ile mozketa bakoitzaren atzean, diseinu sortzaile bakoitzaren atzean, saltzen eta erosten ez den zerbait egon da: herriarekiko konpromisoa.
Erretiroa hartu duzue, bai, baina ez zoazte esku-hutsik. Auzokideen belaunaldiekin partekatutako historia eramaten duzue. Gutako asko hazi egin ginen eta bizi izan ginen jakinda, mostradorearen beste aldean, gertuko norbait zegoela, entzuten zuen norbait, ekarpena egiten zuena, bezero bakoitza bere izenez ezagutzen zuena.
Eta ez zarete merkatari eredugarriak bakarrik izan, Ilintiren zutabeak ere izan zarete: kanpainetan parte hartuz, jardueretan lagunduz, zuzendaritza
batzordeetako kide izanez, ideiak, ilusioa eta lana emanez. Gure tokiko merkataritzak bizirik irauteaz gain, bizirik eta nortasun propioarekin jarrai dezan lagundu duzue.
Gaur eskerrak eman nahi dizkizuegu besoak inoiz ez jaisteagatik. Pertsianak goizero irekitzeagatik, baita egun zailetan ere. Herria egiteagatik.
Izan ere, tokiko merkataritza ez da soilik salmentetan neurtzen, loturetan neurtzen da. Eta zuek ehun asko egin dituzue.
Ilintiren, zuen lankideen eta Legazpi osoaren izenean: eskerrik asko, beraz, eta guztiagatik. Faltan botako zaituztegu egunerokoan, baina zuen ondareak oso presente jarraituko du. Eskerrik asko bihotz-bihotzez”.
ARGAZKIAK: Ilinti-Gorka Gomez























