Legealdiko lehen bi urteren balantzea egin du Legazpiko Udaleko gobernu taldeak
Atalez atal izendatu dituzte gauzatutako proiektu esanguratsuenak, eta aurrera begira "kemen eta ilusio berarekin lanean jarraitzeko konpromisoa" berretsi dute.

Legegintzaldiaren erdia igarota, Legazpiko Udaleko gobernu taldeak lehen bi urteen “oso balorazio positiboa” egin du. “Asko izan dira burutu diren ekintzak, proiektu ugari garatu dira, beste hainbeste martxan daude, eta beste batzuk hurrengo urteetarako ditugu jada buruan”.
Balorazio hori egiteko, orain arte egindako lanean jarri du azpimarra gobernu taldeak, eta ekintza eta proiektu nabarmenenen zerrenda osatu du, arloz arlo. Aldi berean, aurrera begira “kemen eta ilusio berarekin lanean jarraitzeko konpromisoa” berretsi du, “orain arte bezala herritarrei aktiboki entzunez, guztion artean Legazpi hobe bat eraikitzeko helburu komunarekin”. Ildo horretan, herritarrak “parte hartzera, proposatzera eta beren kezkak partekatzera” animatu ditu, eta agindu duenez, “gobernu taldearen inplikazioa, hurbiltasuna eta lanerako gaitasuna funtsezko zutabeak izango dira oraindik etortzeke dauden erronkei aurre egiteko, betiere guztion artean Legazpi gero eta hobea eraikitzeko helburuarekin”.
Hauek dira, atalez atal, orain arte gauzatutako ekintza eta proiektu esanguratsuenak:
Herritarrentzako arreta
Eremu honetan, “herritarrekiko hurbiltasuna eta kidetasun-sentimendua sustatzen duten ekintzak” bultzatu dituzte: jaioberriei ongietorria egiteko ekitaldia, eta herritar berriei ongietorria egiteko gida eta tokiko enbaxadoreene figura, “lotura komunitarioa indartzen eta integrazioa errazten dutenak”.
Gizarte-ongizatea
Eguneko Arreta Zerbitzua Ezkurreneara aldatu da, “oso balorazio positiboarekin”. Ezkurreneako proiektuak aurrera jarraituko du partaidetza-ereduaren arabera, eta hori gauzatzeko finantzaketa eskatu dute. Arreta-sistema ere berregituratu dute, “erantzun denborak hobetzeko, eta kalitate handiagoa bermatzeko”. Gainera, irizpide berriak eta programa berritu bat lantzen ari dira, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) errazago eskuratzeko. Era berean, atzerritar jatorriko pertsonen diagnostikoa egin dute, egungo egoera ezagutzeko eta harreran lan egiteko. Zainketen ekosistema bat garatzen ari dira. Berdintasunaren arloan, lehen urratsak eman dituzte Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plan Orokorra ezartzeko. Azkenik, Gizarte Zentroan teilatua berritzeko proiektua amaitu da, hura finantzatzeko laguntzak eskatu dira eta taberna-jantokiaren kudeaketa esleitu da.
Kultura
Kultur programazioak “bultzada handia” izan du zinema komertziala udalerrira itzultzean, antzerki-eskaintza egonkor eta askotarikoa sendotzean eta Hotz Legazpi elkartearekin batera Kulturen Arteko Eguna berreskuratzean. Neurri horiek “azpimarragarriak” dira “herriko bizitza kulturala dinamizatzen jarraitzeko”.
Gazteria
Gazteentzako Treba programaren eta nerabeentzako programaren aldeko apustuarekin jarraitzen dute.
Obrak eta hirigintza
Bi urte hauetan garatutako obra-planak hainbat premia jarri ditu mahai gainean: irisgarritasuna hobetzea (San Juan eta Bikuñako espaloiak beheratzea), azpiegiturak berritzea (Itxaropeneko eskailerak eta arrapalak, San Inazioko arkupea, San Inazio-Laubideko eskailerak konpontzea), San Inazion txakur-parke bat sortzea edo Urtatzako aparkalekua (Goierri parean) egokitzea, besteak beste. Gainera, San Martingo txabolak eraitsiko dituzte, lehengo pentsioa eraitsi zuten, eta Brinkola-Telleriarteko maisuen etxea saldu dute. Latxartegiren proiektua modu parte-hartzailean garatu dela ere azpimarratu dute, eta “herritarren entzute eta parte-hartzera bideratutako” Eraiki Dezagun Legazpi eta Legazpi Auzoetatik prozesuak gauzatu dituzte. Aurrera begira, urrian hasiko da Aizkorri kaleko birmoldaketa obra hasiko da; Lenburren jabetzakoa den Papelerako lurzatian 200 etxebizitza eraikitzea bultzatuko du udalak, eta aurrera jarraitzen du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenak, 2027rako behin betiko onarpena jaso dezan.
Hezkuntza
Hezkuntza Mahaia sortuta, ikastetxeen, familien, musika eskolaren, nerabezaroko zerbitzuaren eta udalaren arteko lankidetza indartu da, eta “funtsezko gaiak” jorratu dituzte: ongizate emozionala eta euskara. Altxa Burua programa inplementatu dute, uztailean zaintza zerbitzua jarri dute kontziliazioa errazteko, Izpien Txokoa familientzako gunea ireki dute, eta hezkuntza-eragileekin lankidetzan jarraituko du udalak, zerbitzu berriak eskaini ahal izateko.
Euskara
Legazpik “udalerri euskaldun gisa duen zeregina sendotu” nahi dute, herritarren parte hartzea “funtsezkoa” izanik. Hainbat ekintza definituko dituzte parte hartze prozesu baten bidez, eta euskara indartzeko zerbitzu berria sortuko dute laster.
Mugikortasuna
Renferen aldiriko zerbitzua mantentzea lortu dute, lienako obrek irauten zuten bitartean Legazpiko geldiunea kentzeko asmoa zegoelako. Lurraldebus Goierri-Donostiaren zerbitzu berriaren parte izatea ere lortu dute, “urritik aurrera maiztasuna handitzeko helburuarekin”. Eta Junetorriren “zerbitzu berria, modernoagoa eta berritzaileagoa “definitzeko lanak hasi dituzte.
Landa-garapena
Arrobi inguruko jarduerak gauzatu dituzte “eragileen arteko lankidetza estuarekin” (abeltzainak, udala, Naturzaindia, Aldundia…). Taldekako ahalegin horrek Landaola Saria ekarri du, “herriak landa-ingurunearen garapen iraunkorrarekin duen konpromisoa aitortuz”. Gainera, Baserritarren Batzordeak berraktibatu dira, “inguruneko beharrei erantzuteko, entzuteko eta elkarrekin planifikatzeko”.
Ingurumena
2030 Agendaren esparruan, uztailean TEK Legazpi energia-komunitatea jarriko dute martxan, eta aterpe klimatikoen sare bat ere egingo dute. Hondakinen bilketan ere zerbitzu berriak sartu ditzute: saltokietako paper eta kartoi bilketa berezia, komunitateko konpostaje-sistema berria eta Laubiden eta Plazaolan bi minigarbigune instalatzea. Gainera, udala amiantoaren arazoarekin “konprometituta” dago, eta herri osoan elementu horrek duen presentziaren inbentarioa egiten ari dira.
Kirola
Kirol eskaintza “nabarmen hobetu da” Bikuña kiroldegiko kantxan lurzorua aldatu delako, Irene Paredes kirol gunean LED argiteria berria jarri delako eta belarra ere berritu delako. Fitness gela (gimnasioa) ere birmoldatzen ari dira, haur eta familientzako igeriketa ikastaro berriak eskaini ditzute eta dantza garaikideko ikastaro bat ere jarri dute abian. Aktibatu Legazpi Kirol Orientazio Zerbitzua abian jarri izana ere nabarmendu dute.
Komunikazioa
Arrakala digitala murrizteko eta informaziorako sarbidea hobetzeko helburuarekin, bi informazio-pantaila instalatu dituzte udalerrian, eta erakundeen arteko komunikazioa indartu da web, app eta sare sozialen bidez. Gainera, laster Legazpik irudi korporatibo modernoagoa eta gaurkotuagoa izango du.
Turismoa
Eduardo Txillidaren jaiotzaren mendeurrenaren ospakizuna “mugarri garrantzitsua” izan da, urtean zehar antolatutako 16 ekitaldi baino gehiagorekin. Gainera, Erdi Aroko Azokaren ospakizunak “partaidetza eta dinamizazio arrakastatsua” ekarri du.
Merkataritza
Tokiko merkataritzari laguntzeko, diru laguntza “erakargarriagoak” sortu ditzute eta lantalde bat eratu dute ostalariekin eta merkatariekin. Talde honek tokiko eskaintzaren erakusleiho digital bat sortzeko eta belaunaldien arteko erreleboari buruzko diagnostiko bat egiteko lan egin du, etorkizuneko laguntza ekintzak diseinatze aldera.
Bestelakoak
Bi musika lokal berri sortzeko proiektu bat egin dute, eta txakurrak trebatzeko ikastaroak antolatu dituzte, “herritarren ongizatearen alderdi guztietan arreta jarriz, baita animaliekiko bizikidetzari dagokionez ere”. San Inazion ur txorroten parke bat ireki dute, “txikienek gozatzeko”, eta klima babeslekutzat hartu da.
Gainera, Zu memoria gunearen inauguratu dute hilerrian, “leku berezia da goizegi abiatu zirenak gogoratzeko”. Galera bat izan duten familientzat pentsatuta, espazio hau haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta galdutako jaioberrien dolura bideratuta dago, biltzeko eta oroitzeko ingurune bat eskainiz.
Azkenik, “mugarri nabarmena” izan da gobernantza onaren ELOGE zigilua lortu izana, Gobernantza eta Berrikuntza Demokratikoan Bikaintasuna lortzen duten tokiko gobernuentzat Europako Kontseiluaren aintzatespen handiena izanik.