Katxalin egunak arrosaz koloreztatu du Legazpi
Herriko musika taldeek, elkarteek eta dantzariek jaialdia egin zuten atzo bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoaren inguruan lan egiten duen elkarte horri babesa adierazteko.

Arrakasta hutsa izan zen atzo Legazpin ospatu zen Katxalin eguna. Festa giroan, bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoa ikus arazi eta gaixotasun horien inguruan sentsibilizatu zuten herriko musikariek, dantzariek eta bestelako elkarteek, legazpiar askoren babesarekin. Uztakale programaren barruan kokatu zen festa Kale Nagusian ospatu zen, Elizondoko plaxatxoan.
Era askotako osagaiak izan zituen festak, eta Asier Iriondo izan zen gidaria. Bertsolariak, Ane Beloki, Jone Narbaiza eta Lierni Ugarte bertsolari eta kantariak, Legazpiko gaiteroak, LEK erraldoiak, Goiz Deia bandako txistulariak, Ai Ze! taldea, Korosti eta Sustraiak dantza taldeak, Kontuz musika taldea eta trikitilariak… izan ziren partaideak, 110 lagun inguru, guztiak Katxalinen ikur den arrosa koloreko zapia edo kamiseta jantzita
Jatekorik ere ez zen falta, eta Sorgintxulo aisialdi taldekoek txistorra pintxo solidarioak prestatu eta saldu zituzten, dirua minbiziaren ikerketara bideratuz. Haurrentzako eskulan saioak ere egin zituzten, eta Katxalin elkarteko kideek mahaia zuten jarrita, materiala saltzeko eta informazioa zabaltzeko.

















































