Tio Teronen Semeak, 'Haurreskolari' dantzan Legazpin
Uztakale programaren barruan, eta Sustraiak dantza taldearen 50. urteurrena ospatzeko, ikuskizuna 20:30ean izango da, plazan.

Uztakale programak aurrera jarraitzen du, eta gaurko dantza ikuskizuna proposatu du. Tio Teronen Semeak Haurreskolari lana eskainiko du, 20:30ean, Euskal Herria plazan.
Sustraiak dantza taldea aurten 50 urte betetzen ditu, eta urteurren horren ospakizunen barruan kokatzen da gaurko emanaldi hau.
Tio Teronen Semeak taldearen azken lana da gaur Legazpin aurkeztuko dutena. Hauxe da Haurreskolari: “Gure koadrila xelebrea ikastetxera bueltatu da!! Bertan, gure bizitzaren parte izan diren egoera eta doinuen bitartez, une ahaztezinak biziberrituko dituzte. Ikasitakoa desikasten saiatuko dira, ikusleen eskutik, ikasketa prozesu berri bat umorez eraikitzeko asmoz. Denak gelara, txirrina jo du eta!”.
Txost! taldea, joan den asteartean
Uztakale astelehenean hasi zen, Sorgintxulo taldeak haurrei eskainitako jolas saioarekin. Asteartean, berriz, Txost! Urretxu eta Zumarragako musika taldearen emanaldia izan zen, Agirre-Etxeberrin.
Datorren asterako programa hau da:
- Astelehena, hilak 7: ur jolas parkea (17:00-19:00) eta apar festa (19:00-20:00), Euskal Herria plazan. Eguraldi txarrarekin, Azokan.
- Asteazkena, hilak 9: errezitaldi musikatua, Manttalingo Alaba. 19:00. Agirre Etxeberri parkea. Eguraldi txarrarekin, Azokan. Denontzat-Gazte eta helduak. Euskaraz. Mikel Etxabururen poesia liburuan oinarritutako errezitaldi musikatua, akordeioia, bibolina eta ahotsa. Liburuak Saturrarango kartzelan giltzapetuta egon ziren emakumeak (4.000 baino gehiago) gogoratzen eta aldarrikatzen ditu. Gaur egun, jende asko autokarabanetan joaten da asteburua hara igarotzera, hondartzara…; lehen, aldiz, kartzela bat zegoen han. 1948an inauguratu zuten. Lehenago bainuetxe bat izan zen, baina errepresiorako espazio bihurtu zen
- Osteguna, hilak 10: bertso poteoa, Ane Beloki, Maialen Akizu eta Haira Aizpuruarekin, eta Bertso Olariak elkarteak sustatuta. 19:00. Erdigunean.
Irudietan, Txost! taldearen emanaldia.