Bikuña kiroldegiak ISO 9001 kalitate ziurtagiria lortu du
AENOR erakundeak eman dio, zerbitzu publikoaren kudeaketa eta kirol instalazioen mantentzea kalitate estandar gorenekin egiteagatik. Gaur egin dute ziurtagiria entregatzeko ekitaldia.
Kalitate ziurtagiria entregatzeko ekitaldia udaletxeko batzar aretoan. Ezkerretik eskuinera: Gonzalo San Antonio, Sonia Cecilia, Eric Galvez, Jon Ander Jaka, Pello Garmendia, Alberto Mella eta Josu Galilea.Tere Madinabeitia Bikuña kiroldegiak ISO 9001 kalitate ziurtagiria lortu du, eta udal agintariek eta kirol zerbitzuko arduradunek gaur eguerdian jaso dute dokumentu hori udaletxean egindako ekitaldi batean. Bertan bildu dira AENOReko Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendari Gonzalo San Antonio, Eric Galvez alkatea, Josu Galilea kirol zinegotzia, eta kirol saileko teknikari Peio Garmendia, Sonia Cecilia administraria eta mantentze-lanetako arduradun Jon Ander Jaka, eta Alberto Mella teknikaria.
Zerbitzu publikoaren kudeaketa eta kirol instalazioen mantentzea kalitate estandar gorenekin egiten dela aitortzen dio ziurtagiriak Bikuña kiroldegiari, eta udal arduradunen esanetan, erakusten du «kirol zentroak irizpide zorrotzak betetzen dituela plangintzan, barne antolaketan, erabiltzailearentzako arretan eta etengabeko hobekuntzan».
Bikuña kiroldegiak oraintsu lortutakoarekin, bi dira Legazpiko Udalean ISO 9001 ziurtagiria duten sailak, 2024. urtearen hasieran Ekonomia eta Ogasun Zerbitzuak ere jaso zuelako aitortza hori.
Kalitatearen aldeko apustua
Eric Galvez alkateak azaldu du ziurtagiria Legazpiko Udalaren “kalitatearen aldeko apustuaren” erakuslea dela, eta “ohore bat” dela jasotzea. Kirol instalazioek jende askori ematen diote zerbitzua, aurten 2.000tik gora bazkiderekin, eta “ziurtagiriak zerbitzu honen neurria erakusten du”. Orain, zerbitzuaren kalitatea “bermatuta” dagoela “argi geratzen da, aurretik ere hori bagenekien ere”. Kirol zerbitzuko langileak ere zoriondu ditu, “erakusten duten konpromisoarengatik eta egunero egiten duten lanarengatik”. Josu Galilea zinegotziak eskertu egin ditu kiroldegiko langileak, “baina ez bakarrik ziurtagiri hau lortzeko egindako lanarengatik, baizik eta egunero egiten duten langarengatik, nire ustez, dagokien lanetik harago doalako”.
AENOR erakundeko Gonzalo San Migelek, bere aldetik, zoriondu egin du udala, “hau mugarri garrantzitsu bat delako”. Kiroldegiko prozesuak ordenatzen, eta erabiltzaileen iritziak neurtzen egindako lanaren ondorioa da ziurtagiria, eta erakusten du “egia dela kalitate estandar bat aplikatzen dela bertan, eta helburuak betetzen direla”. Dena dela, ohartarazpen bat ere egin du: “Hau hasiera da, eta datorren urtean itzuliko gara, ikusteko gauzak behar diren bezala egiten jarraitzen duzuela”.













