Gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko, hiru prestakuntza ikastaro
Elkar-Ekin Lanean egitasmoaren barruan, Sukaldatu, Zaindu eta Loratu Goierri formazio ibilbideak antolatu ditu Goierriko Gizarteratze eta Laneratze Sareak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera.
Bihotza Esnaola, Iker Galparsoro eta Ainhoa Etxabe gaur Goiekin.Loinaz Agirre. Gizarteratze eta laneratzea helburu dituen Elkar Ekin Lanean programaren ikasturte berria aurkeztu dute gaur Goiekin, Goierriko Gizarteratze eta laneratze sareko kide diren Goiekiko Iker Galparsorok, Bihotza Esnaola gizarte laguntzaileak eta Caritaseko Ainhoa Etxabek. Goieki, Caritas Goierri, Sarea Fundazioa, Gurutze Gorria, Ede Fundazioa, Goierri Eskola, Prospektiker, Biok zerbitzuak eta udaletako gizarte langileak partaideek osatzen dute Goierriko Gizarteratze eta laneratze sarea.
2016an Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hainbat eragilek sustatutako egitasmoa da Elkar Ekin, pertsona guztien ongizatea bermatzeko enplegu inklusiboa sustatzea helburuarekin. 2022-2024 aldian 1.185 pertsonak lortu dute enplegua, eta 68 prestakuntza ibilbide profesional jarri dira martxan, 19 jarduera sektoreetan banatuta.
Goierriko datuei erreparatuz, 2022tik 2024ra bitartean, 189 pertsonak parte hartu dute formakuntza ibilbide desberdinetan, besteak beste Lorezaintza, Garbiketa, Ehungintza eta Zaintzako sektoreetan. “Ibilbide hauek pertsona bakoitzaren gaitasun eta beharretara egokitutako prestakuntza eskaintzen dute, lan-merkatuan sartzeko helburuarekin”, argitu du Galparsorok. “Horietatik, 52 pertsonek praktikak egin dituzte zuzenean sektore hauetako enpresetan, esperientzia zuzena eskuratuz eta lan ingurunearekin ohiturak eginez. Praktika hauek izan dira enplegua lortzeko giltzarrietako bat, eta horren ondorioz, 51 pertsonak lortu dute laneratzea”.
Ikasturte berrirako hiru formakuntza saioa eskainiko dituzte: Sukaldatu Goierri, Zaindu Goierri eta Loratu Goierri.
Sukaldatu Goierri
Ibilbide berria da Sukaldatu, “lehen aldiz hainbat eragileren arteko lankidetzaren bidez eskainiko dena”. Ostalaritza sektorean diharduten eragile askoren eskaerei erantzunez sortu da, “sektore honek profesional kualifikatuen gabezia nabarmena baitu gaur egun”. Ekimen honen helburua, “hutsune hori betetzea eta laneratzeko aukera errealak eskaintzea da. Proiektuan, Goitur eta Goierri Eskola izango dira ardatz nagusiak: bata sektorearen ezagutza eta dinamika ekarriz, eta bestea formakuntzarako instalakuntza eskainiz”.
Irailaren 23an hasiko da prestakuntza ibilbidea. Lehen astean ikasleek Goitur-ekin Goierriko gastronomia eta eskualdeko baliabideak ezagutuko dituzte. Ondoren, Goierri Eskolako instalazio homologatuetan jasoko dituzte sukaldeko oinarrizko konpetentzien inguruko klase teoriko-praktikoak, urtarrilaren amaierara arte.
Ibilbidearen barruan, parte-hartzaileek elikagaien manipulazioaren titulua ere eskuratuko dute. Eta prestakuntza amaitzean, ikasleek gutxienez 80 orduko praktikak egingo dituzte eskualdeko jatetxe, taberna, jangela, gaztandegi edo hoteletan.
Zaindu Goierri
Eskualdeko gizarte-langileen eskaerari erantzunez, lehen aldiz, 2024aren hasieran jarri zen martxan, mendekotasuna duten pertsonei etxean arreta soziosanitarioa emateko bigarren mailako ziurtagiri profesionala. Esnaolak emandako datuen arabera, guztira, hamalau pertsonak lortu dute ziurtagiri profesionalaren diploma. Balorazioak oso positiboak izan dira bai parte-hartzaileen aldetik, bai eragile sustatzaileen aldetik.
Irailaren 22an hasiko da formakuntza ibilbidea. “Ziurtagiri hau hiru moduluz osatuta dago, eta eskualdean, modulu bakoitza, eskola egutegiarekin kontziliatzea erabaki zen. Horrela, interesa dutenek aukera dute modulu guztiak jarraian egiteko edo soilik interesatzen zaien moduluan parte hartzeko”.
Gurutze Gorria arduratuko da prestakuntza teorikoaz. “Ibilbide honek osagarri baliotsuak izango ditu, parte hartzaileen prestakuntza osatzeko eta lan-munduan arrakastaz aritzeko gaitasunak sendotzeko helburuarekin”.
Alde batetik, 55 orduko formakuntza soziosanitarioa jasoko dute, Orekan Elikadura eta Osasun Heziketaren eskutik, adinekoen elikadura, nutrizioa eta ongizatea lantzeko. Bestetik, EDE Fundazioak gidatutako 60 orduko saioetan, konpetentzia soziolaboralak garatuko dituzte: komunikazioa, talde-lana, gatazken kudeaketa eta lan-mundura egokitzeko gaitasunak, besteak beste.
Loratu Goierri
Hirugarren ibilbidea, Loratu Goierri, otsailean hasiko da. Lorategi, parke eta berdeguneen mantentze lanetan prestakuntza espezializatua jasoko du Fraisoro Eskolaren eskutik, Etxabek zehaztu duenez. “Ikasleek, lorezaintza eta berdeguneen mantentzea lantzeko funtsezko ezagutzak eta trebetasunak eskuratuko dituzte, Villabonako instalazioetan”. Prestakuntza teknikoaz gain, EDE Fundazioaren eskutik, parte hartzaileek 60 orduko prestakuntza osagarria jasoko dute, besteak beste, curriculuma osatzeko, lana eta gaitasun pertsonalak zein profesionalak hobetzeko. Horri esker, konfiantza handiagoz aurre egin ahal izango diete lan-merkatuan sartzeari.
Ibilbidea amaitzean, parte-hartzaileek eskualdeko udaletako brigadetan gutxienez 80 orduko praktikak egiteko aukera izango dute, esperientzia profesional baliotsua bertatik bertara eskuratuz.
Izen-emateak
Gaur goizean eginda formazio saioen lehen aurkezpena, eta bigarrena, 15:00etan egingo da, Goiekin bertan. “Ibilbideen xehetasunak azaldu ondoren, parte hartu nahi duten pertsonek hizkuntza eta matematikako proba txiki bat egingo dute, eta banakako elkarrizketa baterako txanda jasoko dute. Hau da, izen-ematea formalizatuta geratuko da, eta pertsona horrek aukeratutako kurtsoan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen aztertuko da”.
Gaur arratsaldean joaterik ez dutenek ere aukera izango dute datozen bi astetan izena emateko, 943 16 18 31 zenbakira deituta edo WhatsApp mezu bat bidalita.
Hogeina
Formazio ibilbide bakoitza hogei ikaslerekin hastea dute helburua. “Hala ere, ibilbide profesional batean hasteko baldintzak betetzen ez dituztenei, garapen agentziatik kudeatzen diren beste programa osagarriak eskainiko zaizkie, etorkizunean parte hartu ahal izan dezaten. Izan ere, oinarrizko konpetentziak lantzeko tailerrak eskaintzen jarraituko da bitartean”.

Elkar Ekin Lanean programaren aurkezpena egin dute gaur Goiekin.Loinaz Agirre.












