Ordizian, Zaintza Mahaia lanean
Zaintzarako eredu komunitarioa sortu nahi dute. Herritarren inplikazioa «behar-beharrezkoa» dutela diote.
Ordiziako Zaintza Mahaiaren aurkezpena egin dute.Loinaz Agirre. Herriko hainbat herritar eta eragilek osatutako Ordiziako Zaintza Mahaia aurkeztu zuen atzo arratsaldean D’Elikatuzen talde eragileak. 2024ko urritik ari dira sortze prozesuan: «Gure herriak zaintzekiko dituen erronkei heltzeko eta zaintzak erdigunean jarriko dituen eredu komunitario bat sortzeko».
Eragileen artean Ordiziako Koordinadora Feminista, Osiñe Talde Feminista, Garagune, Ordiziako EH Bildu, EAJ, PSE-EE eta Ahal Dugu/Podemos alderdiak eta Ordiziako Udala daude. Guztiek argi dute: «Denok hartu behar ditugu zaintzak eta denon ardura da zaintzea. Zaintzak eskubide kolektibo bat dira eta baita ardura partekatu bat ere».
Gainera, egungo zaintza ereduak «gizarte gisa ditugun behar eta erronka guztiak» ez dituela betetzen uste dutenez, «bestelako eredu batzuk bilatzea ezinbestekoa» dela uste dute Ordiziako Zaintza Mahaiko talde eragileko kideek: «Komunitatean eta elkarren arteko saretzean gehiago oinarrituko den eredu bat».
Ordizian bide hori egin nahi dute eta horretarako sortu dute Zaintza Mahaia.
Lau printzipio
Lau printzipio nagusi dituzte helburu: elkar zaintzea, zaintzak komunitatean, zaintza lanen duintasuna eta aitortza eta prebentzioa. Orain martxan jartzeko unea dela diote eta «herriko beste jende eta eragile batzuk ere inplikatu» nahi dituzte: «Ordiziako Zaintza Mahaiaren oinarrizko talde eragilea gu garen arrean, prozesuan jende gehiagok ere parte hartu du, eta epe hurbilean, herriko beste jende eta eragile batzuk ere inplikatu nahi ditugu».
Hiru ekintza
Epe motzean, hiru ekintza aurreikusi dituzte. Batetik, zaintzari dagokionean, herriko egoera zein den ezagutzeko Ordiziako Zaintza Diagnostikoa garatuko du Murgibe enpresak. Bigarrenik, «komunitateari eta gaiaren bueltan mugitzen diren eragileei entzuteko zein elkar ezagutza sustatzeko ekintzak, Zaintza Mahaira gerturatu eta bertan parte hartzeko modu zein maila anitzak» bilatuko dituzte. Azkenik, herritarrekiko informazio eta sentsibilizazio lana egingo dute: «Gure asmoa, gero eta herritar gehiago kontzientzia hartzen joatea eta pixkanaka, egiten ari garen bidera batzea litzateke».
Izan ere, argi dute, «lan kolektibo eta komunitario honen bitartez» lortuko dutela Ordizian «pertsonak ardatz dituen zaintza eredu bat sustatzea, parte hartzaileagoa eta inklusiboagoa, koordinatuagoa eta berdinzaleagoa».
Horrek guztiak aurrera egin dezan, herritarren inplikazioa «behar-beharrezkoa» dutela nabarmendu dute, eta herritarrak antolatzen dituzten ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte: «Eta egiten ari garen ahalegin bateratu hau babestera».
Lau printzipio
- Elkar zaintzea. «Zaindu eta zaintzaile rolen arteko etengabeko ‘eman eta jaso’ orekatu bat bultzatzeko, zaintza eredu berri, kolektibo eta bidezkoago bat behar dugu».
- Zaintzak komunitatean. Komunitate solidarioak eta elkartasun sareak sustatu nahi dituzte, «bizilagunen arteko harremanak indartuz eta zaintzaren kultura kolektiboki» eraikiz. «Zaintzak ‘merkatu-merkantzia’ gisa ulertzeko arriskutik aldendu eta elkartasuna eta herritarren arteko saretzean oinarritutako eredu inklusiboagoak sortu ditzagun, pertsonak bere osotasunean ulertu eta artatuko dituena».
- Zaintza lanen duintasuna eta aitortza defendatzea. «Historian zehar ikusezintasunean, familiaren eta emakumeen eskuetan egon baitira, eta egun ere, zaintza lanak ez-aitortuak, feminizatuak zein arrazializatuak izaten jarraitzen baitute. Premiazkoa da zaintza lanak sozialki eta ekonomikoki aitortzea, eta profesionalen lana baloratzeaz gain, zaintzaile informalen ongizatea ere bermatzea».
- Prebentzioa ardatz. «Ezinbestekoa da komunitatearen inplikazioa, tokiko baliabideen koordinazioa eta pertsonaren duintasuna erdigunean jartzen duen ikuspegi integrala».













