Ordiziako Irakurle Taldeak bihar du ikasturteko lehen saioa
Miren Amurizaren 'Pleibak' liburuaz solasaldia egingo dute, Irati Goikoetxeak gidatuta, Barrenan, 18:00etan.
Ordiziako Irakurle Taldearen saioa, Karmele Jaiorekin. Ikasturte berriarekin batera «gogotsu» helduko die Irakurle Taldeak bihar irakurketa eta solasaldi berriei, Ordiziako Udalaren laguntzaz eta Irati Goikoetxea beasaindarrak gidatuta. Miren Amurizaren Pleibak liburua izango dute hizpide, Barrenan, 18:00etan.
Hilean behin elkartzen da taldea udal liburutegian, azken hilabetean irakurritako liburuaren inguruan solasean aritzera. Ikasturte osoko liburuen zerrenda eta egutegia ere finkatuta dute dagoeneko: urriaren 24an, Ehun zaldi trostan (Ainhoa Urien); azaroaren 28an Punto Bobo (Itxaso Martin); abenduaren 19an, Ahizpa beltza (Iosune de Goñi); urtarrilaren 30ean, Espainolak eta euskaldunak (Joxe Azurmendi); otsailaren 27an, Ahazturaren leizea (Paco Roca / Rodrigo Terrasa); martxoaren 27an, Juana (Jon Artano); apirilaren 24an Dantzaldia (Irene Nemiuovsky); eta maiatzaren 22an, Zoriona edo antzeko zerbait (Karmele Mitxelena). Ekaineko liburua Segurako Irakurle Taldeak aukeratuko du Goierriko Irakurleen Topaketarako.
Liburuak Ordiziako Udal Liburutegiak jartzen ditu eskuragarri eta beraz, taldean parte hartu nahi duenak nahikoa du liburutegira hurbildu eta liburua eskatzearekin.













