Jurgi Ekizak irekiko du aurtengo ‘Hitz&Musik’ zikloa, asteartean
Hiru musikari goren gonbidatuko dituzte udazken honetan Lazkaora: Jurgi Ekiza, Galder Izagirre eta Lide Hernando.
Aitor Artza eta Joxepa Madariaga, gaur goizeko aurkezpenean. Izaro Villarreal Lazkaoko Gerriko elkarteak Hitz&Musik musikarien elkarrizketa eta saio akustiko laburren beste denboraldi bat aurkeztu du, gaur goizean. Euskal Herriko panorama musikalean modu batera edo bestera ezagunak diren izen handiko artistak hizketan jarriko dituzte beste behin ere, datorren astetik aurrera egingo dituzten hiru saioetan: urriaren 14an, azaroaren 19an eta abenduaren 17an, denak 18:30ean hasita, Gerriko Txokoan.
Izen handiko gonbidatuak
Jurgi Ekiza baionarrak irekiko du egitaraua, datorren asteartean, urriak 14. Willis Drummond taldeko abeslaria da, baina bakarlari bezela ere bere ibilbide propioa egin du. Iparraldekoa izanda, euskararen alde haren musikarekin egindako lana aitortzeko momentua ere badela azpimarratu du Aitor Artza musikologoak: “Ez da gauza bera euskalduna izatea Gaintzan edo iparraldean”.
Azaroaren 17an, berriz, Galder Izagirre gonbidatuko dute. Aurrez Lazkaon izana da Dut taldearekin. “Talde berritzaile” gisa definitu du Artzak. Bertako bateria-jotzaile “aparta” da, eta horren lekuko, Berri Txarrak taldearekin urteetan zehar egindako ibilbidea aipatu du. Orain, berriz, bere proiektu propioa dakar esku artean, eta hura ezagutzeko aukera izango dute lazkaotarrek.
Abenduan, azkenik, azken solasaldia izango da eta kasu honetan, Lide Hernandok itxiko du jardunaldia. Liher taldeko kidea da Hernando, eta iaztik bakarkako proiektua ere abian du. Artzaren ustez, “gutxi” dira parekatu diezaioketen ahotsak. Gitarrista gisa ere ibilbide andana du atzetik, eta horren lekuko da Fermin Muguruzaren azken bira honetan eszenatoki gainean aritu den gitarrista bakarra izatea.
Artzak nabarmendu duenez, urtez urte sasoi-beteko egitarau honi heltzeko Euskal Herri mailan nahikoa musika, estilo eta gonbidatu izateak erakusten du herri honek musika munduan duen eskaintza zabala eta indarra, eta onartu du horrek etorkizunerako indarra ere ematen duela. Eta euskaraz gainera. “Ez dakit leku asko geratuko diren horrelako abanikoa dutenak, bai estilo aldetik eta baita aukera aldetik ere”, azaldu du.
Hitzetik eta musikatik
Dinamika honek zerbait berezia badu, artistaren ibilbidean eta musika mundu pertsonalean murgiltzeko ematen duen aukera da. Izan ere, badu musikatik eta badu hitzetik. Badira kantuak eta kontuak. Hain zuzen, horixe azpimarratu du Joxepa Madariagak: “Hitzaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, gonbidatuak hizketan jarrita; haien ibilbidean sakondu, aitortza egin eta amaierarako, akustikoaz gozatu”.
Hain zuzen, elkarrizketa egingo die Aitor Artza musikologoak, 50 bat minutuko iraupenekoa: musika-ibilbidea, arlo pertsonaleko kezkak eta mugarriak, edo musika eraginen eta gogokoenen inguruan ariko dira, orain arteko ildoan, elkarrizketa barnerakoietan. Ondoren, bospasei abestiko emanaldia egingo du bakoitzak.
2016tik abian
Hitz&Musik zikloa 2016an hasi zuten, Gerriko elkartean orduko zuzendaritzan zeudenen musika zaletasunak piztuta, eta haiek herriko gainerako zaletuekin elkarlanean ondu zuten formatua. Ibilbide oparoa eta esanguratsua ondu du harrezkeroztik. Orain arte, hemezortzi saio burutu dituzte, normalean musikari gonbidatu banarekin (bikoak ere izan dira). Gorka Urbizu, Fermin Muguruza, Anari, Joseba Tapia… izan dituzte gonbidatuen artean.













