Lazkaotarrek ilusioz hartu dute Kilometroak 2026 jaiaren lekukoa
Mari Karmen Eizagirre ikastolako aurreneko irakaslea izan zena eta haren sendia arduratu dira lekukoa plazara eramateaz. Jendetza bildu da. Ikastolako ordezkariek 2026ko helburuak jendarteratu dituzte.
Mari Karmen Eizagirre eta haren sendia, lekukoa esku artean. Izaro Villarreal Mende erdiaren ondoren, berriz ere bere gain hartuko du San Benito ikastolak datorren urteko Kilometroak; urriaren 4an ospatuko da ikastolen aldeko jai handia, Lazkaon. Iragan igandean Elgoibarren ospatutako festan hartu zuen ofizialki lekukoa San Benitok eta gaur goizean, ikastolako komunitate osoak, herritarrek naiz herriko eragileek harrera berezia egin diote lekukoari.
Urte luze hauetan San Benito ikastolatik igarotako belaunaldi guztiak irudikatu dituzte goizean egindako kalejira berezian. Mari Karmen Eizagirre ikastolako aurreneko irakaslea izan zena arduratu da lekukoa eramateaz, bere seme Unai eta Ane, Paule eta Nere biloben laguntzarekin. Ikasle andana batu da goizeko kalejiran eta beste mordo batek plazan egin die harrera.
Izan ere, kalejirako ibilbidea ere ez da kasualitatea izan. Beneditarren babespean sortu zen Lazkaoko ikastola, eta hortik dator haren izena: San Benito. Hartara, ikastolaren ibilbideari aitortza egiteko asmotan, Beneditarren artxibo paretik hasi dute goizeko kalejira, eta herriko plazaraino iraun du, trikitilari eta panderojoleen laguntzaz.
Plazara iritsitakoan, harrera goxo bezain berezia egin die ikastolako komunitatea osatzen duten ikasle, irakasle naiz herritarrek, eta ikastolako ordezkariak arduratu dira lekukoari ongi etorria eman eta 2026ko Kilometroaken helburuak jendarteratzeaz. Aurretik, baina, belaunaldi desberdinetako herritarrek aurreskua dantzatu dute, Leire Agirreren ahotsaz lagundurik.
Bukatutakoan, Jon Martinez ikastolako zuzendariak, Irantzu Amundarain lehendakariak eta Xeber Maiza Kilometroak antolatzeko sortu den taldeko koordinatzaileak hartu dute hitza. Amundarainek azaldu du “ilusioz eta gogo betez” daudela Kilometroak 2026 jaiak aurretik duen lanari ekiteko, eta gogoratu du horretarako herritar guztien “babes eta elkarlana” ezinbestekoak izango direla; aurreneko zantzuak dagoeneko nozitu zituzten ekainaren 12an egindako aurreneko topaketan. Martinezek berretsi du euskaltzaletasuna eta ilusioa arnasten zirela, lan honetarako “ezinbestekoak diren osagaietako bi”.
Bertan zehaztu zituzten helburuei heldu die segidan: batetik, ikastolako komunitatearen partaidetza sendotu nahi dutela azaldu du: “Urtean zehar izango diren ekintzetan nahi duen pertsona orok parte hartzeko aukera izan behar duela sinesten dugu, eta hala, Kilometroakek lazkaotarrak eta ikastola gerturatzeko balio behar du”. Bestetik, urteurren berezia izanik, urte luzeetan zehar eginda lana aitortu nahi dute: “Ez dago egindako lana aitortzeko, horri jarraipena ematea bezalakorik”. Azkenik, helburu ekonomikoa ere badutela aitortu dute: “etengabeko berrikuntzan diharduen ikastolen proiektu pedagogikoak sostengua behar du, eta aurten jasotako diru sarrerak eraikuntzetan berrikuntzak egiten jarraitzera bideratuko ditugu”, azaldu dute.












