CAFeko langileek gaur hasi dituzte lanuzteak
67 orduko geldialdia aurreikusten du egutegiak, apiril eta ekain artean banatuta. Bi orduko lanuztearekin ekin diete mobilizazioei.
Langileen mobilizazioa lanuzte egutegiaren lehen egunean, gaur.ELA Martxoan jakinarazi zuten sindikatuek CAFeko langileek 67 orduko lanuzteak onartu zituztela hitzarmenaren negoziazioaren harira. Gaur ekin diote lanuzteen egutegiari, bi orduko lanuztearekin. Lantegian elkartu dira bat egin duten langileak protesta egiteko.
67 orduko geldialdia aurreikusten du egutegiak, apirila eta ekaina artean banatuta. ELA sindikatuak ohar bidez jakitera eman duenez, lehen jardunaldiak “jarraipen zabala” izan du. Sindikatuaren esanetan, deialdiak “argi utzi du dagoen ezinegona eta zuzendaritzaren proposamen serio baten faltaren aurrean erantzuteko borondatea”.
LABek martxoan egutegiaren berri eman zuenean esan zuen “hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko” onartu zela mobilizazioen egutegia. ELAk, ordea, azpimarratu du “negoziazioa ez dagoela blokeatuta”, baina salatu du enpresak “edukirik gabe eta aurrera egiteko benetako borondaterik gabe jarraitzen” duela: “Gaur egun, zuzendaritzak ez du mahai gainean jarri jarrerak hurbiltzeko aukera ematen duen eskaintza bat, baizik eta langileen beharrei erantzuten ez dieten proposamenak”.
Eusko Langileen Alkartasunak esan duenez, “enpresak oraindik ez du bermatzen benetako soldata igoerarik, erosteko ahalmenaren galera saihesteko, ez die erantzun egokirik ematen funtsezko aldarrikapenei, eta jarrera onartezinak ditu hitzarmenaren funtsezko gaietan”. Egoera horren aurrean, langileek mobilizazioak hasi dituzte, “zuzendaritza jarrera hori uztera eta negoziazio mahaira proposamen serio bat ekartzera behartzeko”.
Eskaintza bat, “lehenbailehen”
“Benetako” soldata-hobekuntzak, lanaldia langileen eta tituludunen artean parekatzea, lizentzien hobekuntzak eta lan-arrazoiengatik lantegitik atera behar duten langileen joan-etorrien baldintza hobeak eskatzen ditu ELAk, eta nabarmendu du lehen egunaren jarraipenak erakusten duela “langileek egitateak nahi” dituztela, “ez diskurtso hutsak”.
Enpresa Batzordeak planteatutako “aldarrikapenen eta langileek mobilizazioetan erakutsi duten babesaren mailan” egongo den eskaintza bat “lehenbailehen” aurkeztea eskatu dio CAFeko zuzendaritzari, “gatazka areagotzea saihestu nahi badu”.














