Erreklamaziorik ez bada, Santi Osoro izendatuko dute Euskadiko Txirrindularitza Federazioko presidente
Federazioaren ez-ohiko batzar nagusiak zuzendaritzarako aurkeztu diren bi hautagaitzen arteko bozketa egin du, eta ataundarra buru duen zerrendak jaso du boto gehien. Orain hiru eguneko erreklamazio epea dago zabalik.
Santi Osoro, 2024ko urrian Ataun San Martinen egindako elkarrizketa batean.Aimar Maiz Martxoaren hasieran Raul Mena Rodriguez Euskadiko Txirrindularitza Federazioko lehendakariaren eta zuzendaritza batzordearen dimisioa jaso ostean, federazio horretako Hauteskunde Batzordeak zuzendaritza berria aukeratzeko prozesua abiatu zuen.
Apirilaren 1eko datarekin, lehendakaritzara aurkeztutako bi hautagaitzen berri eman zuen federazioak, eta horietako baten buru Santi Osoro Ramos da (Ataun, 1969). Erreklamazio epea igarota, atzo, apirilaren 13an, Euskadiko federazioaren ez-ohiko batzar nagusiak zuzendaritza batzordeko bi hautagaitzen arteko bozketa egin zuen, eta Osororenak jaso ditu boto gehien (73 bozka). Jon Sarasua Agirre buru duen hautagaitzak 45 bozka jaso ditu.
Hautagaitza irabazlea hautatua geratu da behin-behineko izaerarekin. Datozen hiru egunetan erreklamazioak aurkezteko epea izango da, eta hauteskunde batzordeak ostiralean hartuko du behin betiko erabakia.
Osoro buru duen zerrenda
Honakoek osatzen dute Santi Osoro buru duen zerrenda.
- Lehendakaria: Santi Osoro Ramos
- Lehendakariordea: Axier Oiarzabal Arbaizagoitia
- Diruzaina: Ibon Garcia Caballero
- Bokala: Urko Barriola Etxeberria
- Bokala: Elene Gaztelu Deba
- Ordezkoak: Iñaki Telleria Otegi, Joseba Gorostiza Abendaño, Egoitz Otegi Erauskin, Irantzu Solaguren Martinez eta Emilio Sanchez Alonso.













