Euskaltzaleen Topaketaren Goierriko aurkezpena egingo dute gaur Lazkaon
Gerriko Elkartean izango da, 18:30ean hasita. Topaketa Azpeitian egingo dute apirilaren 24an eta 25ean. Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak antolatu du.
Martxoaren 12an aurkeztu zuten Azpeitian topaketa.EHE Euskal Herrian Euskarazek euskaltzale independentisten topaketaren Goierriko aurkezpena egingo du Lazkaoko Gerriko Kultur Elkartean, gaur, 18:30ean. Maialen Akizu eta Aratz Igartzabal bertsolariek girotuko dute aurkezpena. Goierriko EHEk Gerriko Elkartea aurkezpenerako «lekurik» egokiena dela uste du: «Gerriko Elkartea erreferente eta aitzindaria da Goierri euskalduntzeko lanean».
Aurkezpenari hasiera emango diote Akizuren eta Igartzabalen bertsoekin. Jarraian, EHEko arduradunak egungo euskararen analisi laburra egingo du, eta Azpeitiko topaketak aurkeztuko ditu. Topaketaren egitarauaren inguruko informazioa emango du, eta ekimen horrekin lortu nahi dituzten helburuak azalduko ditu. Amaitzeko, bertsolariek gaiak jarrita egingo dute saioa. Bertaratzen direnentzat mokadutxoa ere izango da.
Euskaltzaleen topaketa
Euskal Herrian Euskarazek euskaltzale independentisten topaketa antolatu du Azpeitian, apirilaren 24an eta 25ean. Topaketek hiru helburu nagusi dituzte: prozesu euskaltzaleak eta burujabetzaren aldekoa nola uztartzearen gogoeta egitea, euskalgintzaren erronka berriak euskararen errepublikaren norabidean kokatzea, eta euskaltzale independentisten komunitatea saretzea.
EHEk euskararen aurkako oldarraldia modu antolatuan egiten ari direla frogatuta gelditu dela adierazi du. Horregatik euskararen aldeko mugimenduari ezinbestekoa iruditzen zaio euskaltzaleak antolatzea eta beraien eskubideak defendatzea.
Gainera, EHEren ustez, «Euskararen Errepublikaren, independentziaren beharra gero eta agerikoagoa» da. «Frantziar eta espainiar estatuek euren politika supremazista eta linguizidekin» jarraitzen dutelako: «Kolpatzen gaituen oldarraldi mediatiko, politiko eta sindikalak argi utzi digu zenbatekoak diren egungo marko legalaren mugak eta gabeziak. Gainera, munduan barrena indarra hartzen ari den eskuin muturraren mehatxua gero eta gertuago dugu, eta hortik hizkuntza eskubideetan ere atzera egitea besterik ezin genezake espero».
Euskal Herrian Euskaraz
Euskal Herrian Euskaraz «euskara, euskaldunak eta Euskal Herria (hizkuntza, hiztunak eta lurraldea) ardatz» dituen eragile euskaltzalea da, eta euskaldun eleanitzez osatutako Euskal Herri euskalduna du helburu. EHEk dio «euskarak euskaldun egiten gaituela», eta, era berean, «euskarak egiten gaituela Euskal Herri, hizkuntzak herri nortasuna ematen digula».
Era horretan, «Euskararen herriak Euskal Herria berreuskalduntzeko eskubidea eta gogoa» duela uste du mugimendu euskaltzaleak. EHEk gogo hori «helmugaraino bideratzeko» helburua du.
Euskararen aldeko «erakundeak estatu espainiarrak eta frantsesak mendez mende Euskal Herria kolonizatzen saiatu» direla dio, eta, horretarako, «berezko hizkuntza ordezkatzeko ahaleginak» egin dituztela. Euskal Herrian Euskarazen esanetan, «euskaldunen hiztun-komunitatea berregituratu nahi bada, ezinbestekoa da euskararen erabilera lehentasunezkoa izatea».
EHEk Goierri mailan egiten dituen ekimenen informazioa sare sozialetan zabaltzeko Instagram kontua sortu du.













