Nerabeei zuzendutako emanaldi bereziarekin itzuliko da ‘Eros eta Afroditaren aitortzak’ musikala Goierrira
Ostiral iluntzean Ordizian izango da helduei bideratutako saioa, baina aurrez, Jakintza eta Oiangureneko gazteei bideratutako emanaldia egingo dute. Bihar izango da eta solasaldia ere egingo dute ostera.
Andoni Mutiloa eta Esti Curiel irudian. Elur Etxea 2025eko urrian Legorretan aurrestreinaldia egin ondoren, Elur Etxea taldearen Eros eta Afroditaren aitortzak musikala berriro itzuliko da Goierrira. Udaberria Transloratzen zikloari hasiera emango dio, baina modu berezi batean: ostiraleko helduentzako emanaldiaren aurretik, Ordiziako ikastetxeetako ikasleei zuzendutako saio berezia eskainiko dute. Bihar izango da, eta Jakintza zein Oiangureneko DBH4ko eta Batxilergoko ikasleek ikusteko aukera izango dute.
Andoni Mutiloa aktorearen hitzetan, musikalean lantzen diren gaiak direla eta, «aproposa» iruditu zaie lehen aldiz formatu honetan eskaintzea. Emanaldiaren ondoren, solasaldia ere egingo dute. Helduen saioa, berriz, ostiralean izango da, hilaren 17an, 20:30ean hasita, herri antzokian.
Aniztasun sexuala da komedia musikal honen gai nagusia. Mutiloak azaldu du «harreman heterosexual monogamoetatik kanpo gelditzen den Unibertso zabalean» jarri dutela arreta: «Beste pertsonekin hain erraz partekatzen ez ditugun kontuei buruz hitz egingo dugu, besteak beste, gure sekretuez, desirez, frustrazioez, beharrez, ametsez…». Ia esan ezin direnez mintzatuko dira antzezlanean, eta, tartean, desiraren eraldaketak, harreman luzeetan sor daitezkeen automatismoak edo fideltasuna jarriko dituzte jomugan.
Halaber, oraindik askorentzat «ezezagunak» diren kontzeptuen inguruan ere jardungo dira: PrEP-a, chemsexa eta sexu transmisiozko infekzioen gorakada, besteen artean. Ikusleek ondo pasatzeaz gain, egungo gizartearen ezaguna zabalagoa lortzea eta norbere sexualitatez gogoeta egitea ere badira musikalaren helburuak.
Formatu ertaineko ikuskizun honetan bi aktore ariko dira oholtza gainean: Esti Curiel eta Mutiloa bera, eta eszena zuzendaritzaz, berriz, Miren Gojenola arduratuko da. Antzezlanerako soinu-banda ere espresuki musikal honetarako idatzitako 10 kantuz osatuta dagoela ziurtatu du Mutiloak: «Pop estiloko abesti hauek laburrak, biziak eta itsaskorrak dira». Bera arduratu da, hain zuzen, kantuen hitzak eta melodiak sortzeaz.
Sinopsia
Hau da musikalaren sinopsia: «Eneritzek eta Josuk ezohiko leku batean egin dute topo. Herri berean bizi dira biak, baina ez dira lagunak. Hizketan hasi dira. Bi protagonistek euren harreman sexualak frustrazioz bizi izan dituzten arren, egoera horri aurre egiteko bide ezberdinak aukeratu dituzte. Topaketa horrek ondorioak izango ditu bien bizitzan.»













