Uliako Labean ahuntz gazta ere saltzen dute
Komunitateak Igeldoko Muniota baserrian hasi dira egiten gazta hori, baita behiarena ere duela gutxi. Udaberrian iritsi da produktu berri hori, babak eta ilarrak ugaritzen ari diren garaian, eta zerbak bezalako neguko produktuak agortzen ari direnean.
Udaberria duela aste batzuk iritsi bazen ere, neguko aztarnak oraindik agerikoak dira Ordiziako azokan, eta bi urtaroko eskaintza uztartzen den garaia da apirilaren erdialde hau. Zizak, ilarrak eta babak dira garai honetako izar nagusiak, baina neguko azken porruak eta zerbak dotore asko daude oraindik, beste produktu batzuen artean.
Ilarrak eta babak, hain zuzen, ugaritzen ari dira asko, eta ia postu guztietan daude salgai. Ilarra, mota askotakoa, 14 eta 16 euro artean dago kiloa, eta baba, 7 eta 8 euro artean. Miren Jauregik aletuta ere eskaintzen du baba, erosleak erostera animatzeko edo.
Zerbak ere Plaza Nagusiko ia postu guztietan dituzte salgai, baina gaur Natalia Magallanesen Sustrai Askeak postukoek deitzen zuten arreta, koloreagatik. Koloretako zerbak ziren, laranjak, horiak eta arrosak. «Neguko bizirauleak» direla esan du, azken negu honetako izotzaren eta elurraren azpitik bizirik atera direlako. Sorta 2 euroan saltzen zuen, ohiko zerba berdea bezala. Zerben ondoan bazuen neguko beste barazki bat ere, kardua. Pieza txikiak geratzen zaizkio bakarrik, eta unitatea 2 euroan du.
Ahuntz gazta
Batzuk agortzen, eta beste batzuk hasten. Ahuntz gazta da azken hauetako bat. Gazta saltzaileek urte osoan izaten dute salgai, baina gaurtik, Uliako Labea komunitateko kideek egindakoa ere erosi ahal izango da Plaza Nagusian.
Igeldon, Orioko partean duten Muniota baserrian hazitako ahuntzen esnearekin egindakoa da. Aurten egin dute lehen aldiz, eta gaur aurkeztu dute, kiloa 38 euroan. Uliako Labea postuan beraiek egindako behi gazta ere saltzen dute, kiloa 22 euroan. Hori ere, duela hilabete gutxi batzuk hasi dira egiten.
Zizak eta loreak
Zizak dira udaberriaren ikur. Neguko perretxiko falta igarota, urtaro berriarekin hasten da mugitzen berriz ere eskaintza mikologikoa, eta ziza izaten da denboraldia irekitzen duena. Eskaintza geroz eta zabalagoa da, eta gaur zazpi kilo jarri dituzte salgai guztira, Mikel Lasaren eta Arantxa Lopetegiren postukoak batuta, kiloa 110 euroan.
Loreak ere urtaro honekin lotzen dira. Iñaki Azanzaren postua kolorez beteta agertzen da asteazkenero orain, eta astetik astera lore berriren bat aurkezten du. Gaur hiru zituen berriak: boliviensis begonia 5,5 euroan, bidensa 4,5 euroan, eta kalibratxoa 6,4 euroan.
Kanpoko produktuen artean ere izan dira berritasunak gaur, patata berria iritsi delako, Andaluzia aldetik. Kiloa 1,25 eta 1,8 euro artean dago.
Eta hain urrutitik ez, baina gaurko bisitariak kilometro batzuk eginda etorri dira Ordizia eta azoka ezagutzera, D’Elikatuz zentroaren eskutik. Nafarroako Los Arcos herriko jubilatuak ziren.
















