Goierri garaian turismo etikoa bultzatzen da
Lau herrietako 19 establezimenduk dute jasota Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren aitortza. Ziurtagiri hori lortu duten azkenak Urola pentsioa, Etxeberri hotela eta Lenbur Fundazioa izan dira.
Turismoaren Kode Etikoaren Bilboko ekitaldian parte hartu zuten turismo eragileek, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua inguratzen. Urola Garaia Mankomunitatea osatzen duten lau herriek turismo jasangarriaren aldeko apustua bultzatzen dutela agerian geratu da, bertako 19 enpresek lortuta duten Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa aitortzarekin. Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak gidatutako programa da Turismoaren Kode Etikoa, eta turismo arduratsuagoa, jasangarriagoa eta lurraldeko balioekin konprometitua sustatzen du.
Kode Etikoa sei oinarrizko printzipiotan oinarritzen da: bisitarien eta tokiko biztanleen arteko elkarrekiko errespetua, aniztasunaren baitako berdintasuna, ingurumenarekiko erantzukizuna, tokiko tradizio eta kulturaren balioa, ondare kulturalaren babesa eta sektorearen eta bere profesionalen bikaintasuna. Goierri garaiko herrietan turismo mota honen aldeko apustua egin dute alorreko hainbat enpresek, eta dagozkien aitortzak jasota dituzte.
Etikaren Erregistro horretara batu diren azkenak Zumarragako Urola pentsioa eta Etxeberri hotela eta Legazpiko Lenbur Fundazioa izan dira. Bilbon, San Mames futbol zelaian asteazkenean egindako ekitaldian jaso zuten aitortza. Ekitaldi berean, 2020an hasitako ibilbideari jarraipena emanez konpromisoa berritu dutenak ere nabarmendu zituzten, Zumarragako Antioko Turismo Bulegoa, Legazpiko Bergaretxe Geltokia Apartamentuak eta Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoa, hain zuzen.
Urola Garaia Turismoa ekitaldian izan zen, eta bertan Helmuga Turistiko Adimenduna HTA eredura atxikita egoteagatik aitortza jaso zuen, berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta helmugaren etengabeko hobekuntzaren aldeko konpromisoa indartuz.
Aitortza guzti hauen ondorioz, Goierri garaia helmuga arduratsu eta jasangarri gisa kokatzen da, egungo turismo-sektorearen erronkei erantzunez.













