Jokin Uribetxeberriari omenaldia egingo diote apirilaren 25ean, Korostiko Igoeran
Euskal Herria plazan izango da ekitaldia, 12:30ean. Gertukoen hitzak eta bideoak lagun, "irrifar batekin" gogoratu nahi dute martxoan hildako mendi korrikalari legazpiarra.
Jokin Uribetxeberria zena, 2022ko Ehunmilak lasterketan.Ariane Vierbücher Jokin Uribetxeberria mendi korrikalaria gogoratzeko eguna izango da Legazpin hurrengo asteko larunbata, apirilak 25, bere heriotzatik hilabete eta erdira. Gazte Asanbladak I Gazte Festen inguruan antolatutako Korostiko Igoera Bertikala izango da omenaldi horren ardatza. Gazteek, familiarekin eta Korosti Trail mendi lasterketen antolatzaileekin batera prestatu dute omenaldia.
Kirol proba amaitu eta 12:30ean sariak banatu ondoren hasiko da ekitaldia, Euskal Herria plazan. Jokin Uribetxeberriari “herri mailan agur bero bat” eman nahi diote horrela. Omenaldian gertuko jendeak hartuko du hitza, hainbat bideo eta irudiz lagunduta, “berekin izandako bizipenak irribarre batekin gogoratuz”. Bukatzeko bere omenez topa egingo dute, “merezi bezala agurtzeko”.
Omenaldiaren antolatzaileek aurreratu dutenez, “egun polita” izango da, eta Korostiko igoeran parte hartzera, ikusle gisa mendira igotzera, edo gero plazara gerturatzera animatzen dituzte herritarrak.













