Lazkao Txiki gogoratuko dute Lazkaon, jaio zela 100 urte bete diren urtean
Goierriko eta Lazkaoko hainbat kultur eragileak parte hartuko dute. Ekitaldiaren ondoren bertso bazkaria izango da Gerriko Elkartean.
'Lazkao Txiki gogoan' ekitaldia, iaz, Lazkao Txiki zelaian. Oier Markotegi 2001etik antolatzen den Lazkao Txiki Gogoan ekitaldia egingo dute, bihar, 12:30ean, Lazkao Txiki Zelaian. Aurten gainera, urteurren berezi bat ere gogoratuko dute: Jose Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolariaren jaiotzaren 100. urteurrena.
Joxepa Madariaga Gerrikoko koordinatzaileak, Lazkao Txiki gogoratzearen garrantzia nabarmendu du: «Lazkao Txiki euskal kulturan gizon jantzia zen. Umeak gustatzen zitzaizkion eta euskara zuen bihotzean. Ardatz horiek hartuta antolatu izan ditugu urteroko ekintzak. Eta jarraitzeko asmoa daukagu». Gaineratu du Gerrikok euskarari eta euskal kulturari heltzen dionez, Lazkao Txikiren gaia heldu beharrekoa duela.
«Urtero-urtero gogoratu nahi dugu Lazkao Txiki zein izan zen eta zer egin zuen, eta hori umeei transmititzea da ekitaldiaren helburua»
Joxepa Madariaga. Gerriko kultur elkartea
Gerrikoren lan egiteko sistema «elkarlana» denez, hasierako ideia Gerriko elkartearena izan bazen ere, segituan jarri ziren herriko beste kultur eragileekin eta udalarekin harremanetan. Lazkao Txiki gogoratzeko ekitaldia antolatzen 2001ean hasi ziren. Eta ekitaldian omenaldi hitza hasieratik zergatik baztertu zuten azaldu du: «Urtero-urtero Gogoratu nahi dugu Lazkao Txiki zein izan zen eta zer egin zuen, eta hori umeei transmititzea da ekitaldiaren helburua». Horregatik, hasieratik ekitaldian protagonismo gehiena haurrek izatea pentsatu zuten. Hasi zirenetik ekintza desberdin asko egin dituzte egun horren inguruan: haurrentzat jolasak, zinema-emanaldiak, hitzaldiak…
Ekitaldia eta bazkaria
Biharko ekitaldian Goierriko eta Lazkaoko kultur eragile ezberdinek parte hartuko dute: Lazkao Txiki musika-eskola, Oin Arin dantza-taldea, Bakuntza taldeak eta Goierriko Bertso-Eskolak. Horietaz gain, Lazkao Txikirekin kantuan ibili edo bertsolaria ezagutu zuten Goierriko bost bertsolarik parte hartuko dute: Eusebio Igartzabalek, Iñaki Muruak, Milan Telleriak, Iñaki Apalategik eta Iban Urdangarinek. Kopletan saio bat egingo dutela aurreratu du Madariagak.
Aurten Lazkao Txiki jaio zela 100 urte beteko dira, irailaren 15ean. Horregatik, Gipuzkoako bertso-eskolen eguna Lazkaon antolatu dute, bihar. Bertso eskoletako ikasleek ere parte hartuko dute ekitaldian, bertsolariaren marrazki bizidunetako bi bertso kantatuz.
Ekitaldiaren ondoren bertso bazkaria egingo dute Gerriko elkartean, 14:00etan. 50 lagun inguru joango direla adierazi du Madariagak, eta bazkalosteko saioan June Aiestaran, Aitor Sarriegi eta Nerea Elustondo arituko dira bertsotan. Aizpea Garmendiak egingo ditu gai-jartzaile lanak.













