Gurutze Langarikak saria irabazi du Aurelio Gonzalezi eskainitako argazki batekin
'Aurelio-s wall' du izena argazkiak, eta Legazpiko Fabrika museoan dago aterata. Lenbur Fundazioaren bultzatzaileetako bat izandako Gonzalez gogoratu nahi izan du irudiarekin.
Gurutze Langarika legazpiarrak CEF brontzezko domina irabazi du Errioxako Bodegoi Lehiaketaren hamargarren edizioan, Aurelio’s wall izeneko argazkiarekin. Legazpiko Fabrika museoan egindako argazkia da, eta irudi horrekin omenaldia egin nahi izan dio duela hilabete gutxi hil zen Aurelio Gonzalezi. Fabrika gunea kudeatzen duen Lenbur Fundazioaren bultzatzaile nagusia izan zen Gonzalez, eta Langarikaren lankide ere bai urte askoan Legazpiko Udalean.
Saria irabazi izanaren berri sare sozialen bidez zabaldu du Langarikak, mezu honekin: “Ilusio berezia egiten dit nire lehen CEF Bronzezko domina, Aurelio Gonzalezen oroimenean egindako argazki honekin lortzea”.
CEF brontzezko domina Espainiako Argazki Konfederazioak (Confederacion Española de Fotografia – CEF) ematen die, erakunde horrek babesten duen Espainiako Argazki Ligako lehiaketaren edo sariketaren batean hirugarren sailkatutako argazkilariei. Langarikak nazioarte mailako Errioxako lehiaketa horretan irabazi du, eta saria ekainaren 19an jasoko du, Logroñon.













