Hegialde hasi da ekaineko jaietarako motorrak berotzen
Larunbat goizeko Hegitalo festak jende ugari elkartu zuen Laubideko oinezko gunean. Taloez gain, kamisetak eta bestelako materiala erosteko aukera izan zuten auzotarrek, eta txikiek jolasak izan zituzten.
Larunbateko Hegitalo Festak agerian utzi zuen auzo multzo horietan dagoeneko ekaineko jai gogoz daudela. Laubideko oinezko kale nagusian jende ugari elkartu zen taloak jateko aitzakiarekin, jai horiei keinu egiteko. Haurrentzako jolasak ere izan ziren, eta hainbat material ere izan zen salgai.
Aurten kamisetak 10 euroan, jertseak 30 euroan, zapiak 2 euroan eta leiho eta balkoietarako banderak 10 euroan dituzte salgai, eta oraindik badago erosteko aukera, inguruko hainbat taberna eta establezimendutan.
Bestalde, jai batzordea beste proiektu batean murgilduta, eta jaiek hemendik gutxira beteko dituzten 50 urteei begira, argazki, dokumentu eta bestelako materiala ari dira jasotzen, historia hori biltzeko asmoarekin. Materiala biltzeko asteazkenetan 17:00etatik 19:00etara egongo dira auzotarrak, Olamendi eskolako parkean, eta potxolahegialde@gmail.com helbidera ere idatzi daiteke.













