Igerilekuko erronkan 211 partaide izan dira
Aktibatu Legazpi programaren barruan udalaren Kirol Orientazio Zerbitzuak martxan jarritako jarduerak agerian utzi du "herritarren inplikazioa eta kirol ohituren sustapenean dagoen interesa".
Aktibatu Legazpi programaren barruan udalak martxan jarritako Kirol Orientazio Zerbitzuaren igerilekuko erronkak arrakasta handia izan du. Hala erakusten dute partaideen kopuruak eta lortutako emaitzak.
Guztira 211 pertsonak hartu dute parte ekimenean, herritarren artean jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak sustatzeko helburua betez. Parte hartzaileen artean, 159 lagunek gutxienez zortzi eguneko igeriketa jarduera bete dute, eta horien artean zozketa berezia egin da, herriko dendetan erabiltzeko 50 euroko 3 bonu banatzeko. Irabazleak Extitxu Zubillaga, Amador Blanco eta Maialen Arizkorreta izan dira.
Igerilekuko erronka martxan jarri zuen Kirol Orientazio Zerbitzuko arduradunaren hitzetan, “ekimenak harrera bikaina izan du eta parte hartze altuak agerian uzten du herritarren inplikazioa eta kirol ohituren sustapenean dagoen interesa”.













