Legazpiko idazleak kalera aterako dira herritarrekin Liburuaren Eguna ospatzeko
Ostegunean, apirilak 23, postua jarriko dute Kale Nagusian, Mimaru lora dendaren aurrean. Liburuak saldu eta sinatuko dituzte.
Cynthia Vera, Euskaltegiko ikaskideekin. Legazpiko idazleek herrira ekarriko dute etzi osteguna, Herrialde Katalanetako ohitura bat: apirilaren 23an arrosa bat eta liburu bat oparitzeko ohitura. Apirilaren 23a San Jordi da, arrosa bat oparitzeko eguna, eta gainera, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da.
Aurten modu berezian ospatuko da egun hori Legazpin, Mari Romero idazleak sustatutako jarduera bati esker. Romerok herriko hainbat idazle elkartuko ditu Kale Nagusiko Mimaru loradendaren parean, eta mahai bat jarriko dute, haien lanak herritarrei ezagutarazteko.
Goizez eta arratsaldez egongo dira idazleak kalean. Goizean 11:00etatik 13:00etara egongo dira, eta arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara.
Arratsaldeko txanpan idazle talde zabalagoa hurbilduko da postuetara, eta bertan izango dira Lara Odriozola, Mari Romero, Juan Mari Irazustabarrena, Miguel A. Dominguez eta Elixabete Martin. Maiatzaren 12an El arte de sanar liburua aurkeztuko duen Cynthia Vera ere bertan izango da.
Baina Legazpin idazle gehiago badaude, eta horien liburuak ere eskuragarri egongo dira postuan, Legazpiko literatur sorkuntza oparoa erakusteko. Hala, han izango diren idazleen lanez gain, Nagore Belastegiren Zirriborroak. Kontatu behar ez nituenak, Maitane de Juanaren La lucha de las almas, Ainara Calvoren El viento nunca olvida, Mario Gallegoren La ruleta fria, Beñat Olearen Eki en las nubes eta Irati Arroyoren Latir en palabras ere erosi ahal izango dira bertan.
Liburuak eta loreak
Ekimen honen berezitasun nagusia literaturaren eta naturaren arteko lotura da. Liburu bat erosten duten guztiek, opari gisa, Mimaru loradendako lore bat jasoko dute. Gainera, loradendak bere ohiko lore eskaintza ere salgai izango du bertan, eguna kolorez janzteko.
Legazpiko Udalak ere lagundu du ekintza honen antolakuntzan, eta honekin, “herriko idazleen ikusgarritasuna sustatu nahi du, literatura kalera ateraz eta idazleen eta herritarren arteko zuzeneko harremana ahalbidetuz”.
Cynthia Veraren liburu aurkezpena
Udal Euskaltegian euskara ikasten ari den Cynthia Vera perutarra Legazpik idazleen zerrenda luzera batu den azkena da. El arte de sanar liburua du idatzita, eta datorren maiatzaren 12an aurkeztuko du, Kultur Etxean,
Vera Perukoa da, baina lau urde daramatza Legazpin. El arte de sanar bere lehen liburua da, eta bertan “bere bizitza kontatzen du”, Euskaltegiko ikaskideek azaldu dutenez. “Momentu askotan, bere bizitza gogorra izan da. Liburuak kontatzen du nola aldatu den gertatutako gauzen bere interpretazioa. Batetik, zauriak sendatzea beharrizan bat da. Bestetik, gaitasun bat da, eta liburuan erakutsi du nola egin duen berak”.
Liburua idaztea “emozioen mendi errusiarra” izan dela partekatu du Verak Legazpiko bere lagunekin, eta esan die “bere zaurgarritasuna” erakutsi duela bertan, eta horrek “beldurra ematen duela”. Baina “idazteak merezi izan duela” era aitortu die. Batetik, “zauriak sendatzeko” idatzi du, eta bestetik, “jendeak ikusteko gertatutako gauzak ezin direla aldatu baina bai interpretazioa, eta iluntasunean beti dagoela argia”.
Aurkezpena maiatzaren 1an izango da, osteguna, 19:00etan.













