Legazpiko Udalak Goierriko Hedabideak babesteko hitzarmena berretsi du
GOIERRIKO HITZA eta 'Goiberri' argitaratzen dituen komunikazio enpresari urtero ematen dion diru laguntza kontratu bidez lotu dute. Goizean sinatu dute dokumentua bi aldeetako ordezkariek, Legazpiko udaletxean.
Hitzarmenaren sinadura Legazpiko udaletxean: Goierriko Komunikabideen aldetik, Julissa Perez eta Loinaz Agirre, eta udaletik, Eric Galvez alkatea eta Edurne Matias euskara arloko zinegotzia. Tere Madinabeitia Goierriko Hedabideek eta Legazpiko Udalak hitzarmena sinatu dute gaur goizean, euskarazko hedabideak bultzatzeko eta indartzeko helburuarekin legazpiarrek duten konpromisoa berresteko. GOIERRIKO HITZA egunkaria eta Goiberri aldizkaria argitaratzeko udalak urtero ematen dion diru laguntza zehaztu dute bertan.
Sinadura ekitaldian Julissa Perez Goierriko Hedabideen kudeatzaileak eta Loinaz Agirre GOIERRIKO HITZAko zuzendariak parte hartu dute alde batetik, eta Eric Galvez alkateak eta Edurne Matias euskara arloko zinegotziak bestetik.
Matiasek balioan jarri du hitzarmen hau, eta garrantzitsutzat jo du herrian euskara sustatzeko, “Hitza eta Goiberri euskara hutsean argitaratzen diren egunkaria eta aldizkaria direlako”. Aldi berean, nabarmendu du Legazpikoak direla egunkariaren bertsio digitalean gehien irakurtzen diren albisteak, eta “horrek erakusten du komunikabide hori legazpiarrentzat zein garrantzitsua den, eta horregatik, guretzat ere bai”. Legazpiko gaiek irakurleen artean duten interesa ere aipatu du Matiasek, eta horrek herriko hainbat errealitate eta jende ezagutzeko balio duela azpimarratu du.
Loinaz Agirrek erantzun dio eskerrak emanez, eta esan du Goierriko Komunikabideen proiektua euskararen normalizazioan oinarritzen dela, baina “hartu-emaneko proiektu bat ere bada, guk herriari eta udalei ematen diegu, zuek guri ematen diguzue… Azken batean, elkarrekin egiteko bide bat da”. Legazpiri dagokionez, webguneko herri bisitatuena dela berretsi du, eta “kazetariok egiten dugun lanak badu isla gero bisitetan”.
Galvez alkateak bere aldetik ere eskerrak eman ditu. “Erreferentziazko medio bat bihurtu zarete Legazpin, eta euskara sustatzean egiten duzuen lana asko estimatzen dugu. Segi horrela”.













