Gaztaren asteburua Idiazabalen
Maiatzaren 2an eta 3an 28. Gazta azoka egingo dute Idiazabalen. Adin guztietako herritarrentzako ekitaldiak antolatu dituzte.
Azahara Dominguez diputatua, Iñaki Alberdi alkatea eta Ander Barandiaran artzaina.Loinaz Agirre. 28. Gazta Azoka izango da maiatzeko lehen asteburuan Idizabalen. Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak aurkezpenean aurreratu duenez, “aurten ere asteburu osoko egitaraua antolatu dute. Azokaz gain, mami eta gazta txapelketak, erakustaldiak eta adin guztietarako animazioak izango dira”.
Idiazabalgo azokak, gazta berria dastatzeko lehen aukeretako bat eskainiko du. “Aurten, Idiazabal jatorriko hamabi gaztaz aparte, Euskal Herriko beste txokotako lau gaztandegi izango dira, ahuntz eta behi esnearekin gazta egiten dutenak. Eta atzerriko gaztak probatzeko aukera ere izango da: Europako Gaztaren Ibilbideko kideak ere Idiazabalen izango dira, Penintsulako toki desberdinetatik gerturatuko dira: Caceres, Valladolid, Cadiz, Menorca, Lugo, Ourense eta Badajoztik etorriko dira”.
Berritasunak
Berritasunik bada aurtengo egitarauan. “Aurten lehen aldiz, gaztaren eta sakearen arteko maridajea izango da maiatzaren 2an. Europako Gaztaren Ibilbideko elkarte horretan gaudenez, harremanduta gaude Japoniako enbaxadarekin. Topaketa bat egin zen eta arrakasta handia izan zuen eta Idiazabalera ekartzera erabaki dugu. Ea nola funtzionatzen duen”.
Beste berritasun bat ere izango da. “Baztarrika gaztandegiak ardi haragiz egindako hanburgesak jateko aukera izango da larunbat iluntzean eta igande eguerdian”.
Gazta eta artisauen postuez gain, edari postuak ere izango dira: Arabar Errioxako Eltziegotik datozen bi ardogile, Getari Jatorri Izendapeneko txakolina, Euskal Herriko sagardoa eta garagardoa.
Gazta eta mamia
Familia guztiarentzat azoka izango dela gaineratu du Alberdik. “Mami eta gazta txapelketa herrikoiaz aparte, gazta eta mami egite erakustaldiak izango dira batetik, eta Aritz Ganboaren Artzaintzaren sekretuak jarduera, ume jolasak eta kale animazio ugari izango dira asteburuan zehar. Eta nola ez, artaldea herritik pasatuko da eta artile mozte erakustaldiak ere izango ditugu”.
Dastaketa herrikoia eta omenaldia
Beste ekitaldi garrantzitsuetako bat, gaztaren dastaketa herrikoia izaten da Idiazabalgo Gazta azokan, Artzai Gazta elkarteak antolatzen duena. Ander Barandiaran artzainak argitu duenez, txapelketetan gaztak baloratzerako garaian zein irizpide hartzen diren kontuan ikasteko aukera izango da, “ondoren, gaztak probatu eta beraien iritzi emateko aukera izango dute, onena aukeratzeko garaian”.
Bestetik, urtero artzain bat omentzen dute Idiazabalen eta aurten ekainean hil zen Abel Segurolaren familia omenduko da. “Bi gazta mota egiten dituzte: Elosegi gaztandegia eta mendian, Beltzulegiko bordan egindako mendiko gazta. Abelek eta Anak hasi zuten ibilbidea. Joan den ekainean hil zen Abel, eta bere seme-alabak, Amaiak eta Anderre jarraitzen dute gaur egunean. Jarraikortasun emateko hartutako bideari goraipamena egiteko erabaki zen Elosiaga gaztandegia omentzea”.
Azoka bat baino gehiago
Azahara Dominguez diputatuak ere hartu du hitza gaurko aurkezpenean. “Idiazabalgo Gaztaren azoka, azoka bat ospatzea baino askoz ere gehiago da. Gure nortasuna, partekatutako historia eta gure lurrean sakon errotuta dagoen bizimodua ospatzeko hitzordua da”.
Gainera, munduan zehar, “Idiazabal Gazta gure lurraren enbaxadore” dela nabarmendu du, “AEB, Ingalaterra, Mexiko, Japonia edo Alemania bezalako merkatuetara iritsiz besteak beste. Hala ere, bere funtsa, bere horretan mantentzen da. Izan ere, urrun bidaiatzen badu ere, hemen sortzen da. Lurraren zaintzatik, belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintzatik eta lehengai paregabe batetik, gure Latxa ardien esne gordina”.
Dena den, argi utzi du, “Idiazabal ez da produktu bat bakarrik. Izateko modua da. Gipuzkoar erara bizitza ulertzeko modu bat da. Non ahalegina, sakrifizioa eta lurrarekiko errespetua bikaintasun bihurtzen diren. Gazta pieza bakoitza kalitatearekiko konpromiso hori islatzen du. Norberarenarekiko harrotasun hori, gauzak ondo egiteko etengabeko bilaketa hori”.
Hain zuzen ere, “benetakotasun horrek kokatu gaitu munduko mapan. Horregatik dira hain beharrezkoak horrelako azokak. Pedagogia egiteko, jendeari gazta bakoitzaren, artzain bakoitzaren eta ustiategi bakoitzaren atzean dagoen lan ikaragarria gerturatzeko aukera ematen diguten espazioak dira. Tokikoaren balioa aitortzen den eta tradizio hau bizirik mantentzen dutenen ahalegin isila bistaratzen diren lekuak. Izan ere, produktu bakar batez gozatu nahi baldin badugu, atzean dagoen lan guztia ulertu eta aitortu behar dugu”.
Horregatik, “gaur hori guztia balioan jarri nahi dut: artzaintza lanbide bat baino gehiago delako, Gipuzkoaren esentziaren parte, eta gaur ezagutzen, gozatzen eta bizi dugun lurraldearen eraikuntzan funtsezko protagonista da. Esentzia hori ezin da esportatu, ez eta imitatu ere. Gure paisaietan, gure baserrietan, gure haranetan eta gure herrietan dagoelako. Gaur hemen gaude gogoratzeko, Gipuzkoa parekorik ez duen lurraldea dela. Benekotasuna arnasten den lekua, bisitari orok aztarna uzten duen nortasun berezi batean murgiltzeko aukera duen tokia dela. Jarrai dezagun elkarrekin lanean ondarea zaindu eta mundura harrotasunez zabaltzeko. Horregatik, maiatzaren lehen asteburuan hitzordu ezinbestekoa dugu Idiazabalen, Gipuzkoa zer den bertatik bertara ezagutzeko, eta sentitzeko aukera izango duzu ziur”.
Idiazabalera joateko garraio publikoa erabiltzeko deia egin du.
Egitaraua
Maiatzak 2
- 11:00. Azoka irekiera eta txistularien kalejira.
- 11:15. Mami txapelketa.
- 11:30. European Cheese Route Elkarteko gazta dastaketa, sake maridajearekin, Javier Sanchez Garciaren eskutik, Plaza Nagusian, aforoa bete arte.
- 12:45. Mamia egiteko tailerra, Plaza Nagusian.
- 13:30. Mami txapelketako sari banaketa, udaletxean.
- 14:30. Bazkari herrikoia, frontoian. Txartelak liburutegian daude salgai, eta egunean bertan, txarteldegian.
- 16:30. Artzainaren sekretuak, Aritz Ganboak lagunduta, Mikel Deunaren plazan.
- 17:30. Show Cooking, Iker Markinez (Kaxola) eta Ane Lore Lasa (R jatetxea) sukaldariekin, plazan.
- 18:00. Idiazabalgo gaztetxoen triki txaranga, erraldoi txikiek lagunduta.
- 19:00. Eingo taldearen eskutik, kantu eta dantza emanaldi ibiltaria.
Maiatzak 3
- 10:00. Azoka irekiera eta txistulari kalejira.
- 11:00. Umeentzako herri kirol tailerra, futbito zelaian.
- 11:30. Gazta txapelketa herrikoia, plaza nagusian.
- 11:45. Gazta egite eta ketze erakustaldia, era moderno eta tradizionalean, Txomenarena parkean.
- 12:30. Artaldea pasako da herriko kaleetatik. Ondoren, ile mozte erakustaldia, EAME Euskal Ardi Moztaileen eskutik, Txomenarena parkean.
- 14:00. Omenaldia eta sari banaketa, udaletxearen aurrean.













