Legazpiko idazleek kalean ospatu dute Liburuaren Nazioarteko Eguna
Postua jarri dute Kale Nagusian, idatzi dituzten liburuak saltzeko eta sinatzeko. Liburu bat erosten duenak, Mimaru loradendako lore bat jasoko du opari.
Mari Romeroren ekimenez, modu berezian ospatu dute legazpiarrek Liburuaren Nazioarteko Eguna. Herriko idazleak Kale Nagusira atera dira aurten, eta postua jarri dute Mimaru loradendaren aurrean, idatzi dituzten liburuak saltzeko eta sinatzeko. Liburu bat erostean, Mimaruko lora bat eman dute opari.
Jarduera hau aurrera eramateko, idazleek Mimaru loradendaren eta udalaren lankidetza izan dute.
Arratsaldean, idazle gehiago
Goizean 11:00etatik 13:00etara egon ziren idazleak postuan, eta arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara. Arratsaldeko txanpan Mari Romero bera La raya del pantalon liburuarekin, Cynthia Vera (El arte de sanar), Lara Odriozola (Ictus), Juan Mari Irazustabarrena (Esta aqui, no esta en el futuro), Miguel A. Dominguez (Alfonso Colmenarrekin batera idatzitako La NFL del Covid) eta Elixabete Martin (La mitad de S) egon ziren, eta azken orduan Maialen Mendinueta ere batu zitzaien (Amatxo triste dago eta Iker urduri dago).
Baina Legazpin idazle gehiago badaude, eta horien liburuak ere salgai egongo dira: Ane Odriozolaren Al subir la marea, Nagore Belastegiren Zirriborroak. Kontatu behar ez nituenak, Maitane de Juanaren La lucha de las almas, Ainara Calvoren El viento nunca olvida, Mario Gallegoren La ruleta fria, Beñat Olearen Eki en las nubes eta Irati Arroyoren Latir en palabras.
Postuan izan ziren idazleak oso gustura agertu ziren egunaren amaieran, elkarrekin egoteko aukera izan zutelako, irakurleekin zuzeneko hartu-emana izan zutelako, eta liburuak ere saldu zituztelako.













