'Sukaldean behin' saioa bihar, Legazpiko azokan
Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak bi ordutan, aste osorako janaria nola prestatu erakutsiko dute. Azokan izango da saioa, 11:00etan hasita. Ez da izena eman behar.
Azokatik mahaira programaren barruan Ordiziako ferian Aitziber Aizpuru nutrizionistak eta Anne Otegi sukaldariak egindako saio bat.Loinaz Agirre Bi ordutan, aste osorako janaria nola prestatu erakutsiko dute bihar Legazpin, feria eguna dela baliatuz. Azokatik Mahaira programaren barruko jarduera da, eta Sukaldean behin izena darama. Anne Otegi sukaldaria eta Aitziber Aizpuru nutrizionista arduratuko dira saioaz. Azokan izango da, 11:00etan.
“Herritarrei eguneroko elikadura modu erraz, osasungarri eta iraunkorrean antolatzeko tresnak eskaintzeko helburua” duen saioa izango da, eta proposamenaren ardatza, “argia”: egun bakarrean, bi ordutan, aste osorako janaria prestatzea.
Saio honetan parte hartzen dutenek sukaldean denbora optimizatzen ikasiko dute, aldi berean dieta orekatu eta osasungarria bermatuz. Horretarako, bertako eta garaiko produktuak erabiliko dituzte, tokiko ekoizleen lana balioan jarriz eta kontsumo arduratsua sustatuz.
Otegi sukaldariak eta Aizpuru nutrizionistak “sukaldaritzaren eta elikaduraren ikuspegi osagarriak” uztartuko dituzte saio horretan. Haien eskutik, parte hartzaileek aholku praktikoak eta egunerokoan aplikatzeko moduko errezetak jasoko dituzte.
Saio honek “aukera paregabea eskaintzen du elikadura ohiturak hobetzeko, denbora aurrezteko eta, aldi berean, inguruko produktuen balioa ezagutzeko”.
Hainbat erakunde elkarlanean
Jarduera hau Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak antolatu du, Gipuzkoako Azoken Sarea parte den Legazpiko Udalarekin elkarlanean. Helburua landa garapena eta tokiko ekonomia sustatzea da.
“Nekazal azoka indarberritzea tokian tokiko feria guztien helburua” dela diote antolatzaileek, eta egitasmo honen bidez, “indarberritze horretan eragitea” lortu nahi dute. Hala, saio honetan, “zuzenean ikasi ahalko da garaian garaiko produktuak kontuan hartuta etxean modu azkarrean eta erosoan errezetak egiten”, eta “ohiko plateretatik pixka bat urrundu eta egunerokotasunean kontsumitu daitezkeen bertako elikagaiak modu erakargarriago batean prestatzen”.
Osasuntsu jateak duen garrantzia ere azpimarratu nahi dute, eta “elikagai bakoitzak nutrizionalki dituen abantailak jakiteaz harago, osasuntsu nola elikatu ikasteko aukera” ere egongo da.
Saio honetan parte hartzeko ez da izena eman beharrik izango, bertaratu besterik ez da egin behar. Amaiera, prestatutako platerak dastatzeko aukera egongo da, eta egingo diren errezetak eta nutrizio aholkuak ere banatuko dira.













