San Migel jaietako otorduetan izena emateko epea irekita
Bertsoa afaria izango da maiatzaren 8an eta herri bazkaria maiatzaren 9an. Txartelak udaletxean daude salgai, maiatzaren 4ra bitartean.
Ezkioko San Migel jaiak maiatzaren 8tik 10era ospatuko dituzte aurten. San Migel egunarekin hasiko dituzte jaiak, maiatzaren 8an, 10:00etan botako duten txupinazoarekin. Nabarmentzekoen artean, Bizikleta igoera izango da 18:30ean eta bertso afaria iluntzean (21:00). Aratz Igartzabal, June Aiestaran eta Iban Urdangarin arituko dira aurten bertsotan.
Larunbatean, dantza erakustaldia izango da 12:00etan eta toka txapelketaren ondotik, herri bazkaria egingo dute. Erromeria izango da arratsaldean eta Xaibor diskofestak emango dio amaiera egunari iluntzean.
Igandean, Izazpiko igoera jokatuko da 12:00etan. Aurretik, 11:00etan haurren lasterketaren txanda izango da. Arratsaldean, herri kirol erakustaldia izango da eta ondoren, barrikotea.
Sarrerak salgai udaletxean
Ostiraleko bertso afarirako, zein larunbateko herri bazkarirako izen emateak irekita daude dagoeneko. Bertso afariko menuak 25 euroko prezioa du eta larunbateko herri bazkariak 35 euro helduenak eta 12 euro, haurrenak. Bi kasuetan, alergiaren bat dutenentzako menua egokitzeko aukera egongo da eta izena ematerako orduan jakinarazi beharko da. Otorduetarako txartelak udaletxean daude salgai, maiatzaren 4ra arte.














