Legazpi, Santikutz jaiei egindako keinuz beteta
Floren Gutierrezek Txorroneako balkoia apaindu du eta Ilintik bideoa kaleratu du, bietan danborrada gai hartuta. Gorka Santestebanek ere bideo bat kaleratu du Instagramen, @kultur_zast kanalean.
Santikutzak gaur hasiko dira 19:00etan Goiz Deia txistulari bandak udaletxeko balkoitik irakurriko duen pregoiarekin eta botako zuen suziriarekin, baina herria jaiei keinuz beteta esnatu da. Ilintik argitaratu du ohiko bideoa, leiho eta balkoi batzuetan Legazpiko armarria eskegita dago, eta Floren Gutierrezek ere apaindu du Txorroneako balkoia.
Gutierrezek danborradaren gaia hartu du, eta upela jotzen duen sukaldariz mozorrotu du panpina bat, balkoian upel eta guzti jartzeko.
Ilintik ere danborradaren inguruan egin du Santikutz jaiei ongi-etorria emateko bideoa. Josu Altzelaik eta Gorka Gomezek eginda, sare sozialetan zabaldu dute.
Eta sare sozialetan aurkitu daiteke baita ere Legazpiko jaiak iragartzeko eta zoriontzeko beste bideo bat. Legazpin lan egiten duen Gorka Santesteban zumarragarrak egin du, hainbat herritar elkarrizketatuz, eta @kultur_zast Instagrameko kanalean argitaratu du.













