Ordiziako Etxebizitza Planari argi berdea
Lau ardatzetan dago egituratuta Etxebizitza Plana. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak gaur egin dituen adierazpenen arabera, "Etxebizitza Ekintza Planaren hasierako onarpen honekin erakustaldi publikoa ireki da herritarrek ekarpenak egin ditzaten. Baina esan dezakegu guk gure lana egin dugula, ez dakigu zerbait gehiago osatuko den ala ez. Baina honekin ziklo bat ixten dugu”.
Adur Ezenarro.Loinaz Agirre. Ordiziako Udaleko atzoko udalbatzak Ordiziako Etxebizitza Planari (2026-2029) hasierako onarpena eman zion, EH Bilduren, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta Ordizia Orain-Elkarrekin Podemosen abstentzioarekin.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak gaur egin dituen adierazpenen arabera, “Etxebizitza Ekintza Planaren hasierako onarpen honekin erakustaldi publikoa ireki da herritarrek ekarpenak egin ditzaten. Baina esan dezakegu guk gure lana egin dugula, ez dakigu zerbait gehiago osatuko den ala ez. Baina honekin ziklo bat ixten dugu”.
Ordiziako Etxebizitza diagnostikoa egin zuten lehendabizi. “Hark eman zigun herrian etxebizitzaren inguruan daukagun errealitatea. Dagoeneko kontziente gara, konstatazio bat da nolako arazoa daukagun etxebizitza duin eta eskuragarri bat edukitzeko, batez ere gazteenen artean. Hortik abiatuta, Etxebizitza Plan honek jasotzen ditu ekintza zehatzak egoera hori iraultzeko, egoera hori aldatzeko edo behintzat esparru desberdinetatik ekiteko”.
Lau ardatz
Lau ardatzetan dago egituratuta Etxebizitza Plana, eta “ardatz bakoitzean sartzen ditu ekintzak. Oso zabala den arazo bati erpin askotatik heltzeko ardatz edo ekintza desberdinak antolatzen ditu”.
Lehenengo ardatza, alokairu eskuragarria sustatzeko ekintzak dira. “Hemen batez ere sartzen da babes publikoko parkea handitzea, alokairu eskaintza handitzeko. Eta baita ere garrantzitsua da etxebizitza hutsak mobilizatzeko ekintzak”.
Bigarren ardatz “garrantzitsu bat da, eraikinen eta orokorrean, hiri birgaitzeen bitartez, egun dagoen etxebizitza parke hori hobetzea, horiek ere alokairura bultzatzeko laguntzak bideratzea”.
Hirugarrena, diru laguntza edo prestazioen atala da. “Hauek indartzea esparru desberdinetan, izan gazteentzat, adinekoentzat… Prestazioen laguntzen bitartez gazteen emantzipazioa bultzatzea eta laguntzea”.
“Etxebizitza Ekintza Planaren hasierako onarpen honekin erakustaldi publikoa ireki da herritarrek ekarpenak egin ditzaten”
“Denok kontziente gara etxebizitza arazoa egiturazko arazo bat dela, eta ezinezkoa da Ordizia batek edo edozein udalerrik berak bakarrik halako arazo bati aurre egitea”
Adur Ezenarro. Ordiziako alkatea
Azkenik, laugarren ardatzean dago “gobernantza deitzen zaiona edo erakunde arteko koordinazioa. Zentzu horretan ere, anbiziotsuak izan behar gara, eta baita ere errealistak. Denok kontziente gara etxebizitza arazoa egiturazko arazo bat dela, eta ezinezkoa da Ordizia batek edo edozein udalerrik berak bakarrik halako arazo bati aurre egitea”.
Alkateak gogoratu duenez, “erakunde desberdinak daude, aldundia, etxebizitzaren eskumen asko ez dauka baina hor dago, eta batez ere Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila. Baditugu beraiekin hitzarmenak. Horren ondorio dira San Juanen eraikiko ditugun babes ofizialeko etxebizitzak eta hor garrantzitsua da guztiok koordinatuta joatea”. Izan ere, “uste dugu, guk ditugun baliabideekin, herri mailan nekez aurre egin ahal izango diogula etxebizitzaren arazoari”.
Hiri Antolamenduko Plan Orokorra
Amaitzeko, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) erreferentzia egin dio Ezenarrok. “Uste dugu Plan honekin ziklo bat ixten dugula etorkizunera begira jartzeko, oinarri bat finkatu dugu Plan Orokor berriaren lizitazioan markatzeko” Nik uste dut garrantzitsua dela baita ere, ondo jakitea, Ordiziak zein erronka dituen eta erronka horiei zein norabidetan erantzun behar zaien. Etxebizitza Plan honek jasotzen dituen egitasmo asko Plan Orokor horretan burutu beharko ditugu”.
Etxebizitza Planaz gain, “ez dugu ahaztu behar, aurretik ere burutu dugula Irisgarritasun Plana, Mugikortasun Plana, Mapa Morea, Energia edo Klima Aldaketari aurre egiteko Plana. Plan desberdin dezente, markatzen dutenak hurrengo etorkizuneko Plan Orokorrak bete behar dituen erronkak nondik joan behar duten”.













