Elikadurari eskainiko dio hurrengo kanpaina Aktibatu Legazpi programak
Frutaren Astea egingo dute hilaren amaieran, horrek osasunean duen garrantzia azpimarratzeko. Nutrizionista batek hitzaldi bat ere egingo du elikadurari buruz.
Legazpiarrak jarduera fisikoa egitera bultzatzeko helburuz udalak martxan jarritako Aktibatu Legazpik aurkeztu ditu hurrengo lan ildoak. Kanpaina berriaren gaia elikadura izango da, eta frutaren kontsumoan jarriko dute indarra bereziki.
Gaur eguerdian aurkeztu ditu Mikel Aramendiak kanpaina berri honen xehetasunak, aurrekoarekin batera egin zuten igerilekuko erronkaren emaitza positiboak nabarmentzearen batera. Aktibatu Legazpi programaren barruan udalak sortutako Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuaren arduraduna da Aramendia.
Frutaren garrantzia
Elikadura osasungarria da Aktibatu Legazpiren bigarren kanpainaren gaia. Maiatza eta ekaina bitartean gauzatuko da, eta bi jarduera izango ditu ardatz. Lehena Frutaren Astea izango da, eta bigarrena, hitzaldi bat, egun batean euskaraz eta beste batean gazteleraz egingo dutena.
Maiatzaren 25etik 31ra Frutaren Astea izango da. «Herriko hainbat lekutan fruta dohainik banatuko dugu, informazio orri batez lagunduta. Frutak gure osasunean duen garrantzia azalduko du orri horrek», Aramendiak zehaztu duenez. «Kultur Etxean, Osasun Etxean, kiroldegian… horrelako tokietan egongo dira eskuragarri fruta piezak».
Euskarazko hitzaldia, bestalde, ekainaren 8an izango da, eta gaztelerazkoa ekainaren 10ean. «Gorka Perez nutrizionistak egingo ditu. Saio teoriko-praktikoak izango dira, eta eguneroko elikadurari buruz eta mitoen gainean hitz egingo du, eta aholkuak ere emango ditu janaria gordetzeko edo hozkailuaren erabilerarako, eta gure dietaren inguruko azalpen orokorrak ere bai».
Igerilekuko erronka
Aramendiak aurreko kanpainan gauzatutako igerilekuko erronkak «arrakasta handia» izan duela ere nabarmendu du, eta horren erakusle, partaidetza datuak eta horien emaitzan eman ditu.
Guztira 211 pertsonak parte hartu zuten erronkan, eta parte hartzaileen artean, 159 lagunek gutxienez zortzi eguneko igeriketa jarduera bete zuten. Azken hauen artean zozketa berezia egin bat egin dute, herriko dendetan erabiltzeko 50 euroko hiru bonu banatzeko. Irabazleak Extitxu Zubillaga, Amador Blanco eta Maialen Arizkorreta izan dira. Lehen kanpaina honetan, gainera, Garagune eta Meaztiko profesionalei formakuntza saioak eskaini dizkiete, bertako erabiltzaileei jarduera fisikoa egiten laguntzeko tresnak eta baliabideak emateko.
Horiek guztiak kontuan hartuta, lehen kanpainaren balorazioa «oso positiboa» izan dela azpimarratu du Aramendiak, eta bigarrenari gogoz helduko diotela esan du.
Uda aurretik gauzatuko da
kanpaina hau, eta uda ondoren, hirugarren bat ere izango da, gaixotasun kronikoei eskainita.













