Legazpin hasi dira haurrentzako udako eskaintza prestatzen
Uztalai udalekuetarako eta kirol jardueretarako izen-emateak gaur ireki dituzte. Datorren astelehenean Arkatzaren marrazketa ikastaroarena ere zabalduko dute.
Santikutz jaien asteburu nagusia igaro berritan, Legazpiko Udala udari begira jarri da, eta prestatzen hasi da garai horretarako aisialdi, kultura eta kirol eskaintza. Gaur, maiatzak 5, ireki ditu Uztalai udalekuetarako eta udako kirol eskaintzarako izen-emateak, eta hurrengo astean, maiatzaren 11n, marrazketa ikastaroaren tanda izango da.
Uztalai udalekuetarako izena gaur hasi eta hilaren 18ra arte dago zabalik. Aurtengo udaleku irekiak ekainaren 29tik uztailaren 24ra izango dira, eta gurasoek zaintza zerbitzua erabili ahal izango dute. HH-2tik LH4ra bitarteko haurrei zuzenduta daude udalekuak, eta udaletxean bertan edo www.udalekuak.legazpi.eus webgunean eman daiteke izena.
Marrazketa ikastaroa, berriz, Arkatza elkarteak antolatu du, eta Kultur Etxean emango dute ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitartean, 2020an edo lehenago jaiotako haur eta gazteei zuzenduta. 28 plaza daude, eta Kultur Etxean eman behar da izena maiatzaren maiatzaren 11tik 29ra arte.
Kirol eskaintza
Bikuña kiroldegiak prestatutako kirol eskaintza zabalagoa da. Aurten, igeriketa, padela, gazte zumba, crossfit gazte eta natur inguruneko kirol jarduerak eskaini ditu. Igeriketan eta crossfitean izan ezik, jarduera guztiak 8 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta daude. Igeriketa 3 eta 7 urte bitarteko haurrentzat da, crossfita, 12 eta 16 urte bitartekoentzat. Igeriketa, zumba gaztea eta crosfit hilabete osoko ikastaroak izango dira, uztailaren 1etik 30era artekoak, eta padela, multikirola eta naturako jarduerak hamar egunekoak, hau da, uztailaren 1etik 11ra eta uztailaren 14tik 24ra.
Izena emateko epea gaurtik hilaren 30era arte egongo da irekita, eta horretarako kiroldegira bertara joan, 943 73 12 43 telefonora deitu edo harrera@legazpiko-kiroldegia.info helbidera mezu bat bidali daiteke. Udalaren www.legazpi.eus/kirol-ataria webgunean ere eman daiteke izena.
Ikastaro eta jarduera bakoitzari buruzko informazioa udalak kaleratu duen esku orrian edo www.legazpi.eus webgunean dago. Esku orria kiroldegian, Kultur Etxean eta udaletxean jaso daiteke.
Familiek, gainera, ikastetxeen online plataformen bidez jasoko dute informazio guztia.













