Nerabeen familiei zuzendutako prestakuntza saioa asteazkenean, Legazpin
Herriko 11-13 urteko gaztetxoen artean ongizate emozionala sustatzeko helburua duen Ongizan programaren barruan kokatzen da. Nerabezaroa ulertzea, emozioen kudeaketa, familia eremuko komunikazioaren hobekuntza eta eguneroko gatazken konponbidea bezalako gaiak jorratuko dituzte.
Martxo erdialdean aurkeztu zuten Ongizan programa.Legazpiko Udala Legazpiko ikastetxeetako 11-13 urteko ikasleen artean ongizate emozionala sustatzeko helburua duen Ongizan programak aurrera jarraitzen du, eta ikasle horien familiei zuzendutako formakuntza saio bat antolatu du bihar asteazkenerako. Kultur Etxean izango da, 18:00etan hasita, eta Familientzako prestakuntza, nerabe ikuspegitik izenburupean, laguntza eta baliabide praktikoak eskainiko dizkie gurasoei eta legezko tutoreei.
Saioa Mertxe Lousarek eta Raul Giraldek gidatuko dute. Nerabeei eta familiei osoko laguntza zerbitzu integrala eskaintzen dien Gaztedi programaren psikoterapeutak dira. Bien artean, funtsezko alderdiak jorratuko dituzte, hala nola nerabezaroa ulertzea, emozioen kudeaketa, familia-eremuko komunikazioaren hobekuntza eta eguneroko gatazken konponbidea.
Espazio hurbil eta erabilgarri bat sortzea da asmoa, familiek kezkak partekatzeko, tresnak eskuratzeko eta seme-alaben laguntza emozionalean duten zeregina indartzeko.
Hezkuntza mahaitik abiatuta
Ongizan programa Legazpiko Hezkuntza Mahaian antzemandako beharrei erantzuteko sortu da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioari esker jarri dute martxan. Ikasturtea amaitu arte garatuko da, eta ikasleak, familiak eta hezkuntza komunitatea barne hartzen dituen ongizate emozionalaren aldeko apustu integral gisa sendotuko da.
Osasun mentaleko profesionalek gidatzen duten proiektua da, eta horren baitan, erresilientzia eta kudeaketa emozionala garatzeko tresnak lantzen ari dira ikasgeletan.
Aldi berean, irakasleek ere prestakuntza ekintzetan parte hartzen dute, ikasleen emozio egoerak hobeto identifikatzeko eta hezkuntza ingurunean laguntzeko estrategiak indartzeko.













