Legazpiko Udala hilerriko panteoien jabeen bila dabil
Hobekuntza lanak egin nahi ditu, eta proiektuak bete-beteak ukitzen ditu panteoiak. Jabe batzuk ezin dituzte lokalizatu, aspaldiko emakidak direlako.
Legazpiko Udalak ohar bat kaleratu du udal hilerriko hainbat panteoiren jabeak lokalizatzeko. Udalak plan bat jarri du martxan “hobekuntza lan garrantzitsu bat” egiteko. Proiektuaren helburu nagusia 73 panteoiak berritzea da, “gaur egungo neurriek eta kokapenak ez dutelako bermatzen langileek lurperatze lanak segurtasun eta osasun baldintza optimoetan egitea”. Lanen aurrekontua 48.698,12 eurokoa da, eta udalak hartuko du bere gain inbertsio hori.
Eric Galvez alkateak adierazi duenez, lan hauek “beharrezkoak” dira. Instalazioen modernizazioan pauso bat eman nahi dutela azaldu du: “Lan honekin, egungo estandarretara egokituko gara, langileek beren eguneroko lana erosotasun, ergonomia eta segurtasun handiagoz egin ahal izan dezaten”.
Baina lanak hasteko “zailtasunak” dituztela ere esan du, hainbat panteoiren jabeak ezin dituztelako lokalizatu, emakiden antzinatasuna dela eta. Titular gehienak aurkitu dituzten arren, eta haiekin harremanetan jarriko dira lanen xehetasunak emateko, baina “ezin ditugu hainbat panteoiren egungo jabeak identifikatu, askotan konplexua baita oinordekoen edo zuzeneko senideen arrastoari jarraitzea”.
Panteoiak honako hauek dira: lehenengo pasilloan, hirugarren panteoia ezkerrera; bigarren pasilloan 13. panteoia ezkerrera; hirugarren pasilloan, 23. panteoia eskuinera; laugarren pasilloa, 24. panteoia eskuinera; bosgarren pasilloan, 15. panteoia eskuinera; seigarren pasilloan, 16. panteoia eskuinera; eta zazpigarren pasilloan, 17. panteoia eskuinera.
Horien jabeek Legazpiko Udalarekin jarri beharko dira harremanetan 943 73 70 30 telefono zenbakira deituta edo igine@legazpi.eus posta elektronikora idatzita.
Panteoietan udalak egin nahi dituen obrak “estrategia zabalago baten parte” dira. Hilerri osoan irisgarritasuna hobetzeko proiektu bat lantzen ari da, espazio horretan ibiltzen diren herritarrentzako baldintza onak bermatzeko.













