Ganadu feriako argazki lehiaketako irabazleek jaso dituzte sariak
Gizarte Zentroan egin zuten sari banaketa ekitaldia atzo, argazki erakusketa irekitzearekin batera. Mikel Bravo, Santi Fernandez de Quincoces eta Gorka Gomez izan dira saridunak.
Ikatza argazkilari elkarteak antolatuta maiatzaren 2ko ganadu ferian egin zen argazki lehiaketaren sari banaketa ekitaldiak bat egin zuen atzo arratsaldean Gizarte Zentroko pintxo-potearekin. Batzuk tragoa eta pintxoa eskatzen ari ziren bitartean, beste batzuk herriko hiru argazkilarik sariak nola jasotzen zituzten ikusten izan ziren, taberna berean. Gero asko elkartu ziren, lehiaketara aurkeztutako lanekin osatutako erakusketa ikusteko. Ekainaren 4ra arte egongo da ikusgai.
Aurtengo ganadu feriako argazki lehiaketak hamaika partaide izan ditu, denak herritarrak. Lehen saria Mikel Bravok irabazi du, eta 200 euro eta Lakiola Aundi baserriko haragi lote bat jaso zituen saritzat. Bigarren saria Santi Fernandez de Quincocesentzat izan da, 150 euro. Eta lehen herritarraren saria, 100 euro, Gorka Gomezek, jaso zuen.
Sari banaketa ekitaldian Eric Galvez alkatea eta Edurne Matias zinegotzia izan ziren udalaren aldetik, eta Eva Aztiria eta Ander Ibarguren herriko ganaduzaleak ordezkatuz.














