Parrokiko organo zikloaren bigarren kontzertua, igandean
Bi musikari argentinar dira gonbidatuak. Matias Sagresasek organoa joko du, eta Juan Ignacio Emme izango du ondoan, biolontxeloarekin. Kontzertua 19:00etan izango da, dohainik
Legazpiko parrokiko organo erromantikoari eskainitako kontzertu zikloaren bigarren emanaldia igandean izango da, 19:00etan, dohainik. Kontzertuan Matias Sagreras musikariak joko du, Juan Ignacio Emme biolontxelo jotzaileak lagunduta.
Duela bi urteko organo zikloan ere egon zen Legazpin Sagreras. Argentinarra da, Buenos Aires hiriburuan jaiotakoa. Bertan hasi zen pianoa ikasten, eta gero Musika Arteen Lizentziatura lortu zuen unibertsitatean, organoan espezializatuta. Graduondoko ikasketak egin zituen Donostiako Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, Esteban Landart irakasle zuela. Inprobisazioa era ikasia da, baita musika frantsesaren errepertorioa ere. Goi mailako hobekuntza ikastaroak ere egin ditu hainbat irakasle entzutetsurekin.
Organoko kontzertu emaile gisa, errezitaldi ugari eman ditu Argentinan bertan, eta Uruguai, Brasil, Suitza, Espainia, Mexiko eta Estatu Batuetako hainbat reto eta tenpluetan. Irakaskuntzara ere eskaini dio tartea Argentinan, eta irakasle izan da San Juan Unibertsitate Nazionalean eta Buenos Aireseko Astor Piazzolla Goi-Mailako Musika Kontserbatorioan. Gainera, organoaren kultura zabaltzen jardun du Radio Nacional Clasica irratian.
Gaur egun, Donostiako San Sebastian Martiri parrokiako organista da, eta Bilboko Abesbatza Elkarteko organo-irakaslea ere bai.
Igandean lagun izango duen Juan Ignacio Emme ere argentinarra da, Mendoza hirikoa. Bertan hasi zen biolontxeloa jotzen, eta herrialde hartako hainbat eskolatan jarraitu zuen ondoren instrumentuarekin, goi mailako titulua lortu arte. Emmek hainbat orkestratan jo du, Estatu Batuetako Los Angeles hirian tartean. Hiri horretan zinemaren mundurako ere lan egiten du, grabazioak egiten. Gaur egun, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko biolontxelo bakarlaria da.














