Raul Argaiz azoka salmenta lanez agurtuko da gaur Legazpin
Ordiziarra duela 42 urte hasi zen lan horiekin Legazpin bertan. Jubilatu egiten delako utziko du lana.
Raul Argaiz Ramila ordiziarraren azken azoka eguna da gaurkoa. Duela 42 urte Legazpin abiatu zuen azokako saltzaile lana, eta Legazpin bertan itxiko du bere lan ibilbidea. “Plaza honetan bertan debutatu nuen torero gisa, eta plaza berean agurtzen naiz torero gisa”, azaldu du gaur goizean, azkeneko aldiz muntatu duen emakumezko arropa postuaren aurrean.
Gazte-gazte hasi zen lanbide honetan, “txoriak saltzen zituen lagun baten eskutik”. Ordiziakoa zen hura, auzokoa, eta haren postuaren ondoan jartzen hasi zen Legazpiko plazan. “Garai hartan ez zegoen lan asko, eta aukera txarra ez zela iruditu zitzaidan. Lau gauzatxorekin hasi nintzen, drogeria produktuak batez ere”.
Hura izan zen hasiera, eta ordutik makina bat azoka egin ditu: astearteetan Beasainen, asteazkenetan Ordizian, ostegunetan Elgoibarren, ostiraletan Legazpin eta larunbatetan, urte askotan, Tolosan. Drogeria produktuak utzita, ehun gaiekin hasi zen, emakumezko arroparekin batez ere, eta horiekin jubilatuko da.
Azoketan hainbeste urtetan lan eginda, azoken defendatzaile sutsua da Argaiz, eta udalei zuzentzen zaie zein garrantzitsuak diren esateko eta zaindu ditzatela eskatzeko: “Udalek ez dute kontuan hartzen azokak inbertsio gutxirekin inpaktu ekonomiko handia eragiten duela herri batean. Azoka egunean jende asko hurbiltzen da, aste osoan agian bere auzotik ateratzen ez dena. Azoka dagoenean egun normal batean baino mugimendu handiagoa izaten da herrian, azokan bertan eta inguruko denda eta tabernetan, herriko jendearen topagune bihurtzen dira. Eta udalek ez dute hori zaintzen, ez diote duen balioa ematen”.
Eskari hori ez dela beretzat zehaztu du, baizik eta etorriko diren saltzaileentzat. Bere kasuan, Legazpin behintzat, ez da ordezkorik izango, ez du inork beteko hutsik utziko duen lekua.
Bezeroek faltan botako dute, ziur. Horientzat esker hitzak besterik ez ditu Argaizek. Honek, orain, lanaren betebeharrak alboratuta, aisialdiari eskainiko dio denbora, musikari bereziki. Oso musikazalea dela dio, eta kontzertuak ditu gogoko.













