Baratzeak hasi dira mugitzen, eta feriako postuak betetzen
Azken asteetako geldialdiaren ondoren, produktu berri ugari iritsi dira, kuiatxoa, luzokerra eta erremolatxa tartean.
Azken asteetako eskasia ahazten hasita dago Ordiziako ferian. Gaur, ekaineko lehen asteazkenarekin bat, produktu berri ugari iritsi dira Plaza Nagusira, uda gerturatzen ari den seinale eta baratzek berreskuratu duten bizitzaren erakusle.
Kukurbitazeoak deituriko barazkien familiakoak izan dira eguneko berritasunetako bi. Kuiatxoa izan da bat, aire librekoa, eta Maria Jesus Oriak izan du salgai, kiloa 3 euroan. Gutxi batzuk besterik ez ditu eraman feriara, enkarguz gehienak, eta goizeko lehen ordurako erretiratuta zituen dagoeneko mahaitik. Erremolatxa ez da barazki familia berekoa, baina horiek ere eskaini ditu Oriak, tamaina txikikoak, sorta 3 euroan.
Natalia Magallanesen postuan izan dira kukurbitazeo gehiago, luzokerrak edo pepinoak, hain zuzen, eta txikiak horiek ere. Kiloa 3,5 euroan jarri du salgai. Bidanian duen Sustrai Askeak elkarteko baratzekoak ziren, eta horiekin batera eguneko bitxikeria deitu daitekeena ere aurkeztu du Magallanesek: baratxuri landarearen lorea. Baratxuri freskoa bezala jatekoa dela azaldu du, eta erosleen arreta erakarri du, sukaldariena bereziki. Tolosako Ama jatetxeko sukaldari gazteena bai behintzat, probatzeko erosi dute eta. Jateko lora hauen sorta 1,2 euroan saldu du.
Eta postu berean beste bi produktu berri ere aurkeztu ditu: albaka sortak 1,5 euroan, eta ziape hostoak, 100 gramo 1,3 euroan.
Fruta gori gehiago
Fruten atalak ere eman du berririk gaurkoan, fruta gorrienak, hain zuzen. Joan den astean iragarri bezala, atal horretako eskaintza zabaltzen doa, eta Aramako Zurutuza ahizpek andere mahats gorriak eta baratzeko masustak eskaini dituzte, kiloa 18 euroan. Marrubiak eta mugurdiak bazituzten aurretik.
Baina produktu berriez gain, aurretik zegoen eskaintzaz ere hitz egin behar da, eta frutekin jarraituz, gereziak merezi du aipamena. Duela hiru aste aurkeztu zuen Gabiriako gerezia Jose Antonio Elosegik, eta azken bi asteetan genero faltagatik kale egin ondoren, gaur itzuli da feriara eta fruta gorri horrez bete du postua. Gaur 9 euroan jarri du salgai gerezia, baita saldu ere.
Tomatea, berriz, geroz eta ugariago dago, eta Uzinen postuan ez ezik, beste postu batzuetan ere badago salgai. Gaurko prezioa 4 eta 5,75 euro artekoa izan da.
Bestetik, negutik datozen produktuak dira, baina oraindik ilarrak badaude, kiloa 14 eta 16 euro artean, eta babak ere bai, 5 eta 7 euro artean. Baba gorriak ere ikusi dira gaur, Miren Jauregiren postuan, aletuta gainera.
Perretxikoak, barraskiloak eta loreak
Perretxikoen atala, ohi bezala, Lasa, Barandiaran eta Barcinaren eskaintzak osatu du, eta honako hau izan da: 180 kilo onddo (15-50 euro artean kiloa), 60 kilo onddo (28-40 euro), 20 kilo ziza hori (29-35 euro), eta boilurrak (kiloa 400 euro).
Barcinak, gainera, barraskilo biziak ere izan ditu salgai, kiloa 10 euroan. Normalean San Prudentzio bezperan ekarri izan ditu, baita Beasaingo Loinaz jaietan ere, bi garai horietan jai ohi izan dira eta, baina aurten ezin izan ditu gaur arte ekarri.
Loreetan, azkenik, Iñaki Azanzaren postura iritsi den dalieta aipatu behar da. Dalia txikiak dira, poteetan jartzekoak, eta 4,5 euroan ditu salgai.


















