Genero ikuspegitik hiri-eredu "seguruago eta irisgarriago bat" lantzeko lehen urratsak
Herritarren artean galdetegia zabaldu ondoren, ko-sorkuntza eta partaidetza tailerra egin dute, askotariko gizarte-eragile eta elkartetako 23 pertsonaren parte hartzearekin.
Tailer parte hartzaileko irudia, udaletxeko batzar aretoan.Beasaingo Udala Beasaingo Udalak eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko ikertzaile-taldeak abian jarritako Genero-ikuspegidun ibilbide eta espazio seguru eta irisgarriak proiektuko lehen urratsak eman dituzte, “hiri-eredu seguruago eta irisgarriago bat” lantzea helburu. Herritarren artean galdetegia zabaldu ondoren, ko-sorkuntza eta partaidetza tailerra egin dute ekainaren 3an, askotariko gizarte-eragile eta elkartetako 23 pertsonaren parte hartzearekin.
Besteak beste, Goierri Gorri emakumezko futbol taldea, Beasaingo Berdintasun Kontseilua, Beasaingo Asanblada Feminista, Asmube eta SOS Arrazakeriako ordezkariak gerturatu dira tailerrera. Ainhoa Arrese Berdintasun zinegotzia eta Adur Ugartemendia Lurraldea arloko batzordeburua ere bertan izan dira.
Udalaren hitzetan “mugarri garrantzitsu bat” izan da prozesuan, eta tailerra “emankorra” izan da. “Saio honen helburu nagusia herritarren, eta bereziki emakumeen, eguneroko bizitza eta zaintza-lanak hiri-diseinuaren erdigunean jartzea izan da, oztoporik eta beldurrik gabeko udalerri bat eraikitzeko”. Tailerra hiru zatitan banatu dute, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko adituek gidatutako “triangulazio metodologikoa” jarraituz.

Hiru ariketa eta lanketa kalean
Lehen ariketan, parte-hartzaileek euren eguneroko ibilbideak, ordutegiak eta erabiltzen dituzten garraiobideak marraztu zituzten banaka. “Ariketa horrek ‘zaintza-mugikortasunaren’ konplexutasuna erakutsi zuen, emakumeek maiz egiten dituzten bidaia poligonalak edo ‘kateatuak’ (etxea-eskola-lana-erosketak) argitara emanez”, azaldu du udalak.
Bigarren ariketan, berriz, puntu kritikoak identifikatu zituzten. “Bakarkako hausnarketa baten bidez, herrian segurtasun-eza, beldurra edo ikara eragin dezaketen guneak identifikatu ziren, hala nola, argiztapen eskasdun kaleak, tunelak, ikusi ezin diren pasarteak edo jarduera gutxiko eremuak”.
Eta hirugarren ariketan, bukatzeko, herritarren pertzepzioen eta ikuspegi kolektiboen mapa osatu zuten. Taldeka, tamaina handiko mapetan jarri zituzten euren bizipenak. “Espazio seguru eta atseginak berdez markatu ziren, eta desatseginak edota segurtasunik gabekoak, berriz, gorriz, Beasaingo ‘beldurraren eta zaintzaren’ mapa kolektibo baten lehen zirriborroa osatuz”.
Tailerra bukatuta, kalera irten ziren, emakumeekin herriko hiru gunetan ezagutza-ibilaldiak edo behaketa-ibilaldiak egiteko, “argibide metodologiko batzuk jarraituz gune bakoitzaren irisgarritasuna eta bizitasuna oinez bertan ebaluatzeko”. Hobekuntzarako puntuak identifikatu zituzten: “Horiei argazkia atera eta geoerreferentziatuak izan ziren hirigintza software-a elikatzeko, datu subjektibo zein objektiboak gurutzatuz”.
Herritarren ikuspegiak jaso eta aztertuta, egungo egoeraren diagnosi bat egingo dute.














