Beasaingo ur jolasak, martxan
Gaur, ekainaren 5ean, jarriko dituzte martxan Beasaingo Dolarea parkeko ur jolasak. Antzizar kiroldegiko kanpo igerilekuak eta bibliopiszina zerbitzuak ekainaren 15ean irekiko dituzte.
Beasaingo Dolarea parkeko ur jolasak gaur, ekainak 5, jarriko ditu martxan Beasaingo Udalak, eta Antzizar kiroldegiko kanpo igerilekuak eta bibliopiszina zerbitzuak ekainaren 15ean.
Ur jolasak
Dolarea parkeko ur jolasak urrira arte egongo dira erabilgarri, 09:00etatik 21:00etara bitartean. Udalaren esanetan, “beroari aurre egiteko txoko paregabea izateaz gain, ingurumenarekiko konpromiso sendoa du azpiegitura honek”. Izan ere, uraren kontsumo arduratsua da: “Jokoak zirkuitu itxi batean dabiltza; ura berrerabili eta iragazi egiten da, milaka litro alferrik galtzea ekidinez. Gainera, hornidura zabalik egon arren, jolasak eskuz aktibatu behar dira martxan jartzeko”.
Era berean, osasun eta segurtasun bermea dute. “Osasun-arauak zorrotz betetzen direla ziurtatzeko, egunean bi analisi egiten dira eta hilean behin laborategiko azterketa berezia. Mantentze-lanak astean bitan egingo dira, eta emaitzak erabiltzaileen eskura egongo dira ikusgai”.
Kanpoko igerilekuak
Antzizar kirolegiko kanpoko igerilekuak, berriz, ekainaren 15etik irailaren 15era egongo dira zabalik, astelehenetik ostiralera, 11:30etik 20:30era bitartean eta asteburuetan eta abuztuan, 11:30etik 20:00etara.
Bibliopiszina zerbitzua
Igerilekuekin batera, liburu eta aldizkarien mailegu zerbitzua ere abian jarriko da. Egunero egongo da zabalik 11:30etik 20:00etara, eta irakurmateriala 19:45erako itzuli beharko da etxolara.













