Legazpiko organo zikloaren balorazio "oso ona" egin dute antolatzaileek
Aurten hiru kontzertu izan dira, eta partaideen "dibertsitatea eta maila altua" nabarmendu dute. Publikoaren fideltasuna eta laguntzaileen lana ere eskertu dute.
Zikloaren azken kontzertuan Monica Melcovak organoa jo zuen eta Andoni Salamerok poesia errezitaldia eskaini zuen.Tere Madinabeitia Legazpik organo zikloaren hamabigarren edizioa amaitu berritan, Ainhoa Enatarriaga arduraduna “oso gustura” agertu da publikoaren harrerarekin eta partaideen dibertsitatearekin eta erakutsi duten mailarekin. “Zikloa desberdina izan da, eta oso interesgarria”. Aurten, hiru kontzertu izan dira, eta Roberto Hernandez Corral, Matias Sagreras eta Monica Melcova organo jotzaileak, Juan Ignacio Emme biolontxelo jotzailea eta Andoni Salamero poeta izan dira protagonistak.
Enatarriagak onartzen du organo kontzertuak ez direla izaten oso jendetsuak, baina zikloak urtero bere publikoa izaten du, “publiko fidela da, eta asko eskertzen diet fideltasun hori”. Aurten izan du publikoak pizgarri bat, gainera, organoa koruan jotzen ari diren bitartean, elizan behean eserita dagoen publikoak pantaila handi baten bidez jarraitu ahal izan dutelako emanaldia, “aldi berean ikus dezakezu organista teklatuarekin, edo hankak nola mugitzen dituen… eta hori gehigarri bat izan da, publikoak eskertu duela uste dut”.
Zikloa antolatzeko izaten dituen laguntzaileentzat ere esker hitzak ditu Enatarriagak, “hau guztia bakarrik antolatzea asko da, eta eskertu egin behar egiten duten lana”.













