Munduko dantzak ezagutzeko aukera dago Legazpin
Korosti taldeak hainbat saio antolatu ditu Mundutik Legazpira elkarteko kideen laguntzarekin, herrialde desberdinetako dantzak eta erritmoak erakusteko. Atzo izan zen lehen saioa, eta jarduerak datozen hilabeteetan jarraituko du, ostegun arratsaldeetan.
Munduko dantzak eta erritmoak ezagutzeko ikastaroa antolatu du Korosti dantza taldeak Mundutik Legazpira elkartearen laguntzarekin. Atzo egin zuten lehen saioa, eta 40 lagunetik gora elkartu ziren bertan. Jarduera honek jarraipena izango du urrira arte, abuztuan etenaldia eginda.
Dantza saioak ostegunero izango dira, 18:00etatik 19:00etara, Haztegi ikastolako aretoan. Parte hartzea librea da, eta adin guztietako pertsonentzat da. Besteak beste, euskal dantzak, Saharakoak, merengea, salsa, afrikar erritmoak, bachata, eta reparto kubatarra jorratuko dira.
Munduko dantzak jarduera sortu berria den Mundutik Legazpira elkarteak herriko beste talde batekin egiten duen lehen lankidetza ofiziala da. Elkartea lehen pausoak ematen ari da eta kideek espero dute honako hau “herrian egingo ditugun aliantza askoren artean lehena izatea”.













