Ezkioko amabirjinaren agerraldiek ere badute oihartzuna Amerikako Estatu Batuetan
Kelly Conway idazle eta kazetaria Ezkion izan zen ostiralean, Sabino Legarda Ereñoren laguntzarekin amabirjinari eskainitako aterpea bisitatzen. Estatubatuarrak gaiari buruzko filma bat egiteko asmoa du.
Ezkioko amabirjinaren agerraldien gaia Estatu Batuetaraino iritsita dago, eta baditu hainbat defendatzaile herrialde zabal hartan. Joan den ostiralean Doloreetako amabirjinari eskainitako aterpea ezagutzera etorritako Kelly Conway idazle eta kazetaria da horietako bat. Aterpeko zaindaria den Sabino Legarda-Ereñok lagundu zion bisitan.
Kelly Conwayk makina bat artikulu idatzi ditu hango komunikabideetan Ezkioko amabirjinari buruz, eta Legarda-Ereñok azaldu duenez, “1931eko agerraldien defendatzaile sutsua” da, “batez ere Antonia eta Andres Bereziartua eta Legazpiko Benita Agirre igarleen zinezkotasunarena”. Ezkioko agerraldiek “alderdi gizatiarra eta jainkotarra uztartzen dituen kutsu tragikoa” dutela pentsatzen duela dio Legarda-Ereñok.
Aldi berean, Conwayk gaiaren inguruan filma bat egiteko asmoa duela iragarri du, uste duelako “oraindik ezkutuan dagoen gaia dela, baina egunen batean argia ikusiko duela”.
Legazpiarrak adierazi du ostiraleko bisita elkartruke “atsegina eta eraikitzailea” izan zela, eta aurrerabidea izango duela gainera, Conway berriz ere itzuliko delako “hainbeste txunditu” zuen amabirjinaren aterpera.
Joan den urteko udan Lenbur Fundazioaren bidez eskainitako bisita gidatuak izan dira Legarda-Ereñoren eta Conwayren arteko harreman honen iturria. Aurten ere eskainiko ditu legazpiarrak bisita gidatuak.













