Hegialdetik Zumarragara autobusa egongo da gauez jaietan
Laubideko biribilgunetik aterako dira bi gauetan, 03:30ean, eta Zumarragako tren geltokiraino joango dira. Gaur hasiko dira festak ofizialki, 19:00etan, Sustraiak taldeko dantzari txikien emanaldiaren ondoren. Atzo dultzaineroek jo zuten pintxo-potean.
Legazpiko Dultzaineroek alaitutako pintxo-poteak hasiera eman zien atzo igande gauera arte luzatuko diren Hegialdeko jaiei. Egun hauetan festa giroa izango da nagusi Laubideko kale nagusian eta inguruko taberna eta txokoetan.
Festa giro horretaz gozatzera Urretxu eta Zumarragatik etortzen direnek itzulera segurua eta lasaia izan dezaten, jai batzordeak autobusa jarri du gaur eta biharko gauetarako. 03:30ean aterako dira bi gauetan, Laubideko biribilgunetik, eta Zumarragako geltokiraino joango dira.
Gaur, hasiera ofiziala
Dultzaineroen kalejirak jarri zuen atzo festa giroa, baina jaiak gaur hasiko dira ofizialki Hegialden. 19:00etan izango da hitzordua, Laubiden jarritako oholtzan. Jaietako boluntario kuadrilla bat arduratuko da aurten pregoia irakurtzeaz. Hain justu, pregoiaren ondoren pintxoak banatzen jarduten duen lagunak dira aurtengo pregoilariak, adimen desgatiasuna duten gazteak.
Aurretik, 17:00etan Sustraiak dantza taldeko dantzari txikien saioa izango da, oholtza ondoan.













