Ur parkea eta kiroldegiko solariuma, astelehenetik irekita
San Ignazio auzoko bizilagunek inguarekiko begirunea eskatu diete ur parkeko erabiltzaileei, Buskabaso elkartearen bitartez.
San Ignazio auzoko ur txorroten parkeak eta Bikuña kiroldegiko solariumak hurrengo astelehenean, hilak 15, hasiko dute udako denboraldia, irailaren 15era arte luzatuko dena.
Ur parkea egunero egongo da irekita, 10:00etatik 20:00etara. 14 txorrotez dago osatuta, eta aurten ere behin-behineko komun bat jarriko dute ondoan, ordutegi berarekin zabalduko dena.
Solariuma ere egunero egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara.
San Ignazioko bizilagunen eskaera
Ur parkearen harira, Buskabaso elkarteko lehendakari Haritz Artzelusek gutun bat irakurri zuen maiatzeko udal osoko bilkuraren amaieran, auzoko bizilagunen kezkak azaltzeko. Honela zioen:
“Ur txorroten parkeak auzoan izan duen eragin positiboa aitortuz hasi nahi dugu. Agerian dago auzoari bizia ekarri diola, batez ere udako hilabeteetan. Haur, gazte eta familientzako topagune bat sortu du, eta oso ondo ulertzen dugu horrelako instalazioak herriarentzako beharrezkoak eta positiboak direla. Askotan esaten dugu auzoek aktibitate gehiago behar dutela, espazio publiko gehiago, eta elkarbizitzarako aukera gehiago, ba gure ustez, parke honek lortu du helburu zabal horren zati bat.
Hala ere, parke honen arrakastak bizilagun askoren egunerokoan izan dituen eraginak aipatzea ere garrantzitsua dela deritzogu. Jende pilaketak batzuetan sarbideak itxita geratzea, zikinkeria pilatzea eta zibismo falta egoerak eragiten ditu, eta horrek elkarbizitzan du eragina. Bizilagun batzuk eskailera zikinekin, okupatutako atariekin edo etxeetara normaltasunez sartzeko zailtasunekin egiten dute topo.
Kontuan izan behar dugu beheko solairuetan dauden etxebizitzak daudela inguruan, eta batzuk parketik oso gertu daudela. Etengabeko zarata dagoenean, gauez musika jartzen denean edo denbora luzez jendea pilatzen denean, gertuko etxe horietan inpaktua handia da. Horrelako egoerak egunero errepikatzeak neke handia eragiten die pertsona nagusi askori edo lanera joateko goizean goiz jaikitzen direnei.
Horregatik, elkartasuna eta kontzientzia kolektiboa eskatu nahi dugu. Gure ustez zibismoa ez dago arau edo zigorren menpe bakarrik, baita espazio publiko horretaz gozatzen duen norbanako bakoitzaren arduraren menpe ere. Sarbideak garbi mantentzea, bizilagunen atsedena errespetatzea, atariak ez blokeatzea, edo parkea inguruan bizi direnenganako begirunez erabiltzea keinu txikiak baina garrantzitsuak dira”.













