Aurtengo Hegialdeko jaiak, jendetsuak eta inklusiboak
Osteguneko pintxo-potearekin hasita eta atzoko su artifizialak itzali arte, festa giro paregabea izan da Legazpiko auzo gune horretan. Musika, kirola, dantza, gastronomia eta haurrentzako ekitaldiak, denetik izan dira lau egun horietan.
Hegialdeko jai batzordeak ez du hutsik egin aurten ere. Ostegunean pintxo-potearekin hasita igandeko su artifizialen ondorengo azken trakaraino, festa giroak ez du etenik izan Legazpiko auzo gune horretan. Jai jendetsuak eta inklusiboak izan dira aurtengoak, pregoiarekin desgaitasun mentala duten lagunen kuadrillak eskatu bezala, eta eguraldiak ere ederki lagundu du.
Laubideko oinezko gunean egon da kokatuta festa gune nagusia, eta bertan bildu dira jai horietaz gozatzeko hegialdetarrak, gainerako legazpiarrak eta inguruko herrietakoak. Denetariko aukera izan da bertan: musika entzuteko, dantzatzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko, kirol pixka bat egiteko, antzerkiaz gozatzeko edo ibilgailu klasikoen artean ibiltzeko. Gune nagusi horretatik kanpo, baina oso gertu, barrakak egon dira, meza ere izan da, eta txirrista erraldoi bat ere jarri dute.
Jai batzordeko kideek inguruak garbitzen eta jasotzen dihardute astelehen goiz honetan, baina pozik, dena ondo joan delako eta jendea disfrutatzen ikusteak asko bete dituelako, batez ere hurrengo urteko antolaketa lanei begira.
ARGAZKIAK: Hegialdeko jai batzordea eta Tere Madinabeitia


















