Legazpiko tren geltoki berriko obrak 2028an hasiko dira
Lanen proiektua idazten ari dira orain, eta datorren urteko uda amaierarako egongo da prest. Alkateak joan den astean Adif erakundeko ordezkariarekin egindako bileran jasotako informazioa da.
Legazpiko tren geltoki berriko obrak 2028an hasiko dira, Adif erakundeko arduradunek Eric Galvez alkateari emandako informazioaren arabera. Alkatea joan den astean elkartu zen Antonio Berrios Adifeko Aldiriko Planen zuzendari komisarioarekin eta Gipuzkoan Gobernuaren ordezkariordea den Noemi Lopezekin, geltokiko proiektuaren jarraipena egiteko.
Egungo agintaldia hasi zenetik, udal ordezkariak urtean behin elkartzen dira Adifeko arduradunekin “udalerriko mugikortasun, irisgarritasun eta tren-konexiorako estrategikotzat jotzen den jarduketa” honen bilakaera ezagutzeko helburuarekin.
Azken topaketa honetan, Adifeko ordezkariek jakinarazi zuten proiektua idazte-fasean dagoela gaur egun, eta datorren urteko abuztuan eta iraila bitartean amaitzea aurreikusten dutela. Ondoren, obren lizitazioari ekingo diote, eta obrak 2028an hastea espero dute.
Luzaroan itxarondako proiektua
Jarduketa honen jatorria 2020an dago. Orduan, Adifek irisgarritasun-obrak eta geltoki berri bat eraikitzeko lanak lizitatu zituen, 4,7 milioi euroko inbertsioarekin. Proiektu hartan jasotzen zen bidaiarientzako eraikin berri bat egitea, nasen arteko azpiko igarobide bat igogailu eta eskailera bidez konektatzea, markesina berriak egitea, nasak goratzea eta luzatzea, eta zoladurak, argiztapena zein instalazioak berritzea. Proiektu haren arabera, gainera, geltokia hiri-erdigunera 130 metro inguru hurbiltzen zen.
Aurrerago, Adifek 3,9 milioi euroko obrak esleitu zituen, eta Zumarragarako noranzkoan nasak egokitu zituen, eta 2021aren amaieran hasitako hainbat prestaketa-lan ere gauzatu zituen. Baina pandemiaren ondoren eraikuntza-kostuak asko igo zirenez, lanak bideraezinak bihurtu ziren, eta kontratua bertan behera utzi eta proiektu berria planteatzea erabaki zuten.
Gaur idazten ari diren proiektu horrek jarduketa eguneratu egingo dute, eta egungo behar eta baldintzetara egokituko dute, Legazpiri “geltoki moderno, irisgarri eta hiri ingurunean erabat integratua emateko helburuari eutsiz”.
Dagoeneko gauzatutako hobekuntzak
Geltoki berria iritsi bitartean, hainbat lan egin zituen Adifek tren ingurunean. Horien artean, nabarmenena izan da Irun-Madril noranzko nasarako egin duten sarbide berria, trenbide azpitik igarotzen den bidetik arrapala bat eginda. Horrekin batera, bi nasen arteko pasonibela kendu zuten, “erabiltzaileen segurtasuna nabarmen hobetuz”.
Etengabeko jarraipena
Eric Galvez alkateak “positiboki” baloratu du proiektuaren bilakaera, eta bileran eskerrak eman zizkien Adif eta Gobernuaren ordezkariei, “Legazpiko lehentasunezkotzat jotzen den azpiegitura bati buruzko etengabeko elkarrizketari eutsi izanagatik”.
Geltoki berria Legazpirentzat “oso azpiegitura garrantzitsua” dela adierazi du. “Agintaldi osoan zehar proiektu honen etengabeko jarraipena egin dugu, Legazpik egungo beharretara egokitutako geltoki moderno eta irisgarria merezi duela uste dugulako. Gaur egun, etorkizunari baikortasunez begiratzeko eta jarduketa hau errealitate izan dadin lanean jarraitzeko ibilbide-orri bat dugu».













