IX. Mitoaldia aurkeztu dute Ataunen
Bihar hasiko da Koldo Alijostesen 'Euskal izaki mitologikoak' hitzaldiarekin, 19:00etan. Uztailaren 11ra arte ekintza ezberdinak egingo dituzte.
IX. Mitoaldiaren prentsaurrekoa gaur, Ataunen.Manex Usarralde IX. Mitoaldia aurkeztu dute gaur Ataunen. Bihar hasiko da 2026ko Mitoaldia Euskal izaki mitologikoak hitzaldiarekin, 19:00etan. Uztailaren 11ko Gau ibilaldi mitologikoa jarduerarekin amaituko da. Ekimen horretarako sarrerak ostegunean 10:00etan jarriko dituztela salgai aurreratu du Munduatek, eta www.jentilbaratza.eus atalean egongo direla eskuragarri.
Prentsaurrekoa egin dute Barandiaran museoan Jentilbaratza kultur elkarteko Josu Munduatek –gidari lanetan– eta Jon Aizpuruak, Martin Aramendi Ataungo alkatearekin batera. Horietaz gain, prentsaurrekora «gure elezahar eta kondairetatik ihes eginda» azaldu ziren pertsonaiak aurkeztu ditu Munduatek: «Sorgina, Akerbeltz, Inguma, San Martin Txiki, Basajaun eta Basandere». Euskal mitologia gertutik «ezagutzeko, sentitzeko eta bizitzeko» hitzordua iritsi da Ataunera.
“Gure elezahar eta kondairetatik ihes eginda etorri dira: Sorgina, Akerbeltz, Inguma, San Martin Txiki, Basandere eta Basajaun”
Josu Munduate. Jentilbaratza kultur elkarteko kidea.
Alkatearen esker onak
Ekimen horren atzean «herri ekimena» dagoela eta «auzolanean» antolatzen dela azpimarratu du Aramendik: «Gurea bezalako herrietan komunitatea sendotzea ezinbestekoa da, eta ekimen honek egun jendetsuenetan 150 boluntariotik gora laguntzen aritzea lortzen du». Gau Ibilaldi Mitologikoa bezalako ekimenak «ezin hobeak» direla dio «komunitatea sendotzeko».
Ataungo herriarentzat sortu zenetik ekitaldi «oso garrantzitsua» dela Mitoaldia adierazi du Ataungo alkateak: «1981ean hasi zen hau dena». Aramendik dio 45 urte horietan belaunaldi asko «jentilekin eta mundu magiko honekin» hazi direla, eta jende guzti horri «barruan zerbait mugitzen» zaiola ekimen horrekin.
Joxe Miel Barandiaran pertsonai garrantzitsua da Ataunen. Mitoaldiak berak egindako lanaren «gizarteratzea» egiten duela goraipatu du Aramendik, «garai bateko istorioak berritzen ditu garai hartako hitzak eta esaldiak» erabiliz: «Berritzea eta erabiltzea bezalakorik ez dago zerbaiti bizirik eusteko».
“Berritzea eta erabiltzea bezalakorik ez dago zerbaiti bizirik eusteko”
Martin Aramendi. Ataungo alkatea
Jentilbaratza kultur elkarteari egiten duen lana eskertu dio alkateak, eta Mitoaldiak herrira erakartzen duen «jendetza» azpimarratu du: «Jendea erakartzea badakigu zenbat kostatzen den, baina hauek publikoa aseguratua daukate eta sarrera gehiago jarriko balirateke horiek ere agortu egingo lirateke». Hori gauzak ongi egitearen seinale dela gehitu du, eta Jentilbaratza zorionduz amaitu du.
Barandiaranen ondarea
Jentilbaratzan Barandiaranek utzi zuena «jaso, gorde eta zabaldu» egiten dutela azaldu du Aizpuruak: «Joxe Mielek askotan aipatzen zuen herritik hartutakoa herriari eman behar zitzaiola». Egiten dutenaren «oinarri-oinarrian» ataundar antropologoa dagoela adierazi du Jentilbaratzako kideak, eta gaineratu du Barandiaran bera ere beraientzat «euskal mitologian mito bat gehiago da».
“Joxe Mielek askotan aipatzen zuen herritik hartutakoa herriari eman behar zitzaiola”
Jon Aizpurua. Jentilbaratza kultur elkarteko kidea
Jentilbaratzako kideak gogoratu du Barandiaran «kondaira eta kontu zaharrak» lantzen hasi zenean bazekiela «mundu bat galtzera» zihoala.
Aizpuruak Ataunen «derrigorrezko bidegile eta gidari» Barandiaran izan dela azaldu badu ere, ez ditu ahaztu nahi izan «Juan Arin Dorronsoro, Joxe Arratibel eta Joxe Martin Apalategi».













