Kaleko desfibriladore automatikoak erabiltzeko ikasteko saioak, Legazpin
Udalak antolatu ditu, eta uztailaren 1ean eta 2an izango dira. Dohainik izango dira, baina izena eman behar da.
Kaleko desfibriladore automatikoak erabiltzen erakutsiko du Legazpiko Udalak, uztailaren 1erako eta 2rako antolatutako saioen bidez. Doako prestakuntza irekia da, eta helburua herritarrek edozein desfibriladore “segurtasunez eta beldurrik gabe” erabiltzen ikastea. Kale Nagusian eta Laubideko oinezkoen eremuan jarri berri diren gailuen ondoan egingo dituzte saioak, arratsaldez, 18:00etatik aurrera
Saio horiek “oso praktikoak eta laburrak” izango dira, 30 minutu inguruko azalpenekin. Hamar pertsonako taldeak osatuko dituzte, denek “gertutik” ikasi ahal izateko.
Aurretik izena eman beharko da www.legazpi.eus webgunean, edo udaletxeko HAZ-ra deituta 943 73 70 30 zenbakira. Izena ematen duen jendearen arabera, txandak antolatu dituzte.













