Piperren familia handitzen hasi da ferian
Piperminak duela aste batzuk iritsi ziren, eta gaurtik Gernika motakoak eta morroak ere salgai daude. Patata gorria ere hasi da.
Udaberriko azken asteazkenean, udako produktuak nagusi. Ordiziako feriak agur esan dio udaberriari, eta hurrengo asteazkenean ongietorria emango dio udari, San Joan egunean. Badira egun horrekin lotzen diren produktuak, San Joan sagarra bezala, baina ez dago horien aztarnarik oraindik. Hala ere, uda garaikoak geroz eta ugariagoak dira feriako eskaintzan, piperrak bezala.
Duela gutxi pipermina iritsi zen, eta gaur Gernika eta piper morroa ere hasi dira. Ibarrako Montesekoak izan ziren lehen piperminak, eta bertakoak dira lehen Gernikak eta morroak ere. Bien kiloa 6 euroan jarri du salgai Arantxa Iparragirrek. Hala ere, pipermina da oraindik nagusi, (14-16 euro artean kiloa). Iritsiko dira aurrerago piper mota gehiago feriara.
Patatak ere aspaldi iritsi ziren, baina hemendik aurrera gorriak ere izango dira salgai, gaur Mendarteko Jokin Intxaustik aurkeztu ondoren. Patata txikiak ziren, barru zurikoak, eta zeraindarrak azaldu duenez, frijituta zein egosita jateko aproposak. Kiloa 3 euroan jarri du salgai.
Ikusten denez, geroz eta zabalagoa da udako produktuen eskaintza. Tomatea ugari dabil, eta horren erosleak ere bai, eta honen lekuko Jose Mari Uzin. Ez dira Azkoitiko Kurutzia baserriko tomate hauek ferian dauden bakarrak, baina estimazio handia dutela argi dago, goizean goizetik ilara luzeak izan dituelako postuan eta 11:00etarako guztiak salduta zituelako.
Denboradi hasieran estimazio handia izaten duen beste produktu bat kuiatxoa izaten da. Ugaritzen hasita dago, eta kiloa 3 eta 4 artean dago.
Loreak ere ugari daude garai honetan, biziak Azanzaren postuan, eta moztuak, sortak egiteko Miren Jauregi eta Zurutzua ahizpen postuetan. Bi hauetan hortentsiak eta gladioloak ziren gaur ikusgarrienak. Sortak 4 eta 5 euro artean daude. Montesen postuan ere lore moztuen zein bizien aukera zabala dute.
Neguko azkenak
Eta udako produktuak etengabe iristen ari diren bitartean, negukoek agur esan dute. Maite Iturbek, esaterako, utzi dio arto irina eta arto opila saltzeari iraileko feria berezira arte, eta Sustrai Askeak elkarteko Natalia Magallanes azken azaloreak eskaintzen ari da aste hauetan. Bitxia da oraindik inguruko baserrietan hazitako azaloreak izatea ferian, baina Magallanesek Bidanian du baratza, Goierriko ekoizleek baina altuera handiagoan, eta horregatik hemengoei baino beranduago hazten zaizkio barazkiak han.
Eta batzuk azken neguko produktuei agur esaten dieten bitartean, landare saltzaileak hurrengo neguan dute jarrita begia dagoeneko. Iguategiko Esther Illarramandi eskarola kiskurrarekin (0.20 euroan) eta karduarekin (0,45 euro) hasita dago. Postu hauetan, Iguategikoan zein Plaza Nagusiko beste bi landare saltzaileenetan ez da ikusten duela aste gutxiko bezero ilara luzeak, baina oraindik mugimendu handia nabaritzen da.
Perretxikoak gutxitzen
Perretxikoen eskaintzan ere nabaria da datorren urtaro aldaketa. Udaberriko zizak gutxitzen hasi dira, batez ere Garbiñe Barandiaranek denboraldia itxi duenetik. Gaur, 55 kilo besterik ez zeuden salgai (20-55 euroan kiloa), 75 kilo onddo (27-38 euro) eta 25 kilo ziza horirekin batera (27-38 euro).
Eta gutxitzen ari dira, baita ere, ikasleen bisitak. Ikasturtea amaitzen ari dira, eta gaur izan da azken ikaslea Ordiziako feria bisitatzen D’Elikatuz zentroko gidarien eskutik. Ibarrako institutuko DBH3ko 50 ikasle inguru izan dira gaurko bisitariak.


















